Pilota

Amaia Jakak finalean egon nahi du

Guaixe 2020ko eka. 18a, 10:35
Amaia Jaka (ezkerrean) finalerdi batean ariko da eta Maite Ruiz de Larramendi (eskuinean) beste batean.

Binakako Emakume Master Cup Pilota Goxuko Txapelketako finalerdian igandean jokatuko dira, Elgoibarren, eta pilotari ihabardarrak Ainhoa Ruiz de Infanterekin osatuko du bikoa

Emakumezkoak izango dira kantxetara itzultzen lehenak. Hain zuzen ere, igandean Laboral Kutxa Binakako Emakume Master Cup Pilota Goxuko Txapelketako finalerdiak jokatuko dira 12:00etan Elgoibarren, ikuslerik gabe. 

Lehen finalerdian, Amaia Jaka atzelari ihabardarrak Ainhoa Ruiz de Infante izanen du biko. Orain arte Eneritz Arrietarekin osatu zuen bikoa pilotari sakandarrak, baina Arrietak pilota utzi du eta Ruiz de Infantek hartuko du bere tokia. Nagore eta Leire Galeano ahizpak izanen dituzte aurkari. Amaia Jakak azaldu duenez, “frontoira bueltatzeak pozten nau gehien”. Partida gogorra izango dela aurreikusten du Ihabarko pilotariak, baina frontoira itzultzeko gogotsu dago. “Disfrutatzera aterako gara; partida bat jokatu gabe horrenbeste denbora egon ondoren, uste dut ongi pasako dudala” gaineratu du. Galeano ahizpak “oso biziak” direla uste du Jakak. “Gazteagoak dira; egun batean lanean ikusi nituen eta oso biziak iruditu zitzaizkidan. Partida gogorra dugu aurretik, nik uste. Badakit atzelaria ezkertia dela eta hori arraroa egingo zaidala. Beraz, partida gogorra aurreikusten dut” adierazi du ezker eskuarekin ere min handia egiten atzelari ihabardarrak. Beraz, lehia ederra espero da. 

Beste finalerdian Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi Irantzu Etxebesteren eta Ane Urkizuren kontra ariko dira. EITB1ek eta Euskadi Irratiak zuzenean eskainiko ditu finalerdiak. Bi finalerdietako irabazleek ekainaren 28an Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko den final handirako txartela lortuko dute. Pilota Goxuko Txapelketako finalarekin batera, Pilota Mistoko finala hartuko du Urantzuk. Binakakoaren kondoren, Laboral Kutxa Udako Torneoaren lehen edizioa jarriko da abian. Antolakuntzatik adierazi dutenez, txapelketa hau ETB1eko Plazandreok programaren oinarria izango da.