Pilota

Amaia Jaka ez da finalean egongo

Guaixe 2020ko eka. 22a, 11:39

Amaia Jaka eta Ainhoa Ruiz de Infante, atsedenaldi batean.

Laboral Kutxa Binakako Emakume Master Cup Pilota Goxuko Txapelketako finalerdietan Galeano ahizpek 16 eta 18 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Jakari partida berdindu eta lehiatuan

Atzo, igandean, COVID-19 birusaren ondotiko lehen esku pilota jaialdia jokatu zen. Hain zuzen ere, Laboral Kutxa Binakako Emakume Master Cup Pilota Goxuko Txapelketako finalak izan ziren Elgoibarko ikastolako frontoian erabaki zirenak, elkarren arteko distantziak behar bezala mantendu zituzten 163 pilota zaleen aurrean. 

Lehen finalerdian Ihabarko Amaia Jaka atzelariak Ainhoa Ruiz de Infanterekin osatu zuen bikoa; Ruiz de Infantek ordura arte Jakaren bikote izandako Eneritz Arrietaren tokia hartu zuen, azken honek pilota utzi eta gero. Biko ederra osatu zuten biek, baina aurrean Nagore eta Leire Galeano ahizpa gazteak zituzten, sekulako maila eman zutenak. 13 eta 15 urte dituzten ahizpa antzuolatarrak bikain aritu ziren. 

Aurretik esana zuen Amaia Jakak, Galeano ahizpak “oso biziak” zirela, eta partida “oso gogorra” aurreikusten zuela, eta hala izan zen. Finala zegoen jokoan eta bi bikoak gogor saiatu dira txartela lortzen. Ikusgarri aritu ziren bi bikoak, parez pare. Ez zuen inork aldea ateratzea lortu. Zazpi berdinketa egon ziren partidan barna, eta batean biko bat aurreratzen zen, bestean bestea, baina inork ez zuen behar bezalako aldea atera. Azken txanpan ahizpa gipuzkoarrek egin zuten aurrera eta, 16 eta 18 irabazita, igandean Irunen jokatuko den final handirako sailkatu ziren. “Ruiz de Infante eta Jaka oso indartsuak dira, bista oso ona dute. Ez genuen irabaztea espero, baina une erabakigarrian, azken txanpan aurretik jarri gara, guk egin dugu tantoa eta irabaztea lortu dugu” adierazi zuen Leire Galeanok partida bukaeran. Hortaz, Lau eta Erdiko Emakume Master Cup-eko pilota goxuko txapeldunak, Amaia Jakak, ez du Binakako finala jokatuko, baina emandako mailarekin kontentu egon daiteke Ihabarko atzelaria. 

Beste finalerdian Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik hiru tantotan utzi zituzten Etxebeste eta Urkizu. Markagailuak erakusten duen moduan, hasieratik nagusi izan ziren Agirre eta Ruiz de Larramendi. “Eurek ez dute bere eguna izan, normalean ederki estutzen baitigute, eta horregatik pena ematen du alde horren nabarmenarekin gailendu izana, baina kontentu gaude finalera heldu izanagatik” azaldu zuen Iera Agirrek. Agirre eta Ruiz de Larramendi beteranoek Galeano ahizpa gazteak izango dituzte aurkari Binakako Emakume Master Cup Pilota Goxuko finalean, igandean, Irungo Urantzu pilotalekuan (ETB1). Bi belaunaldiren arteko finala izango da, Galeano ahizpek 13 eta 15 urte baitituzte eta Ruiz de Larramendik eta Agirrek 46 eta 33 urte. Pilota Mistoko finalean, Olatz Ruiz de Larramendik eta Miren Larrartek Olatz Arrizabalagaren eta Gentzane Aldairen kontra ariko dira.