ION BARBARIN LISARRI

"Umorea sendagai ona izan daiteke"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 14a, 13:37
Ion Barbarin Lisarri antzerkigilea.

Ion Barbarin Lizarri Ihabarren bizi den aktoreak lan berri bat mustuko du udazkenean: ‘Transitos’. Koronabirusak sortutako egoera honetan antzerkia beharrezkoa dela esan du

Antzerkigilea, aktorea, dantzaria, zuzendaria… Ion Barbarinek "artista" bezala deskribatu du bere burua. Taularen gainean zein atzean gustura aritzen da. Lizarran jaioa den arren, Ihabarko kaleetatik "etxean bezala" sentitzen da. Besteak beste, Amico Teatro konpainia sortu zuen Txori Garcia Uriz antzerkigilearekin batera. Iaz Erriberriko Antzerki Jaialdian erresidentzia artistikoa egin zuten, eta bertan hausnartutakoaren emaitza Transitos diziplina anitzeko antzezlana da. Urrian mustuko dute DNA 2020 Nafarroako Dantza Garaikidearen programaren barruan. Antzezlana Irurtzunen entseatuko dute, eta, beraz, aurre mustutzea Irurtzunen eginen dutela aurreratu du. Gainera, Altsasun ere egonen direla esan du Barbarinek.

‘Amico’s Planet’ Erriberriko Jaialdiko erresidentzia artistikoaren emaitza erakutsiko duzue aurten.
Bai. Transitos lanean bihurtu da. Maiatzean estreinatu behar genuen, baina koronabirusaren kontu honekin eta konfinamenduarekin atzeratu behar izan dugu. Urriaren 23an estreinatuko dugu Tafallan, eta 24an Mutiloan egingo dugu.

Ikerketa lana egin zenuten. Zein zen hipotesia? Zeintzuk dira ondorioak?
Gustura geratu ginen. Kolaborazioak deitu genituenak egin genituen. Jon Maiarekin, Dora Salazarrekin, David Bernuesekin eta Rakel Abeloarekin aritu ginen, dantza, arte ederrak, argiztapena eta dantza, hurrenez hurren, lantzen. Lana eta esperientziak elkarbanatzen aritu ginen. Merecedes Castaño antzezlanaren zuzendaria dena eta Txori Uriz eta biok komikoak garela gure mundu poetikoa beste artisten mundu poetiko horrekin elkar elikatu genituen. Emaitza positiboa izan da. Oso pozik geratu ginen eta harremanetan jarraitzen dugu. Dorak hainbat maskara egin ditu, eta eszenografia bere obra batean oinarritu dugu. Jon koreografia laguntzailea izango da ere eta Davidek argiztapena egingo du. Koprodukzio bat izango da, Amico gure konpainaren eta Daviden Acronica producciones-en artean. Berrikuntza bezala bi musikari izango dira: Jonek biolinista eta pianista batekin harremanetan jarri zigun; Itziar eta Idoia. Haiek musika egingo dute, egiten ari dira, eta zuzenean joko dute. Eszenografia Raul Arraizak Ihabarko eszenografo batek egin du.

Emaitza 'Transitos' antzezlana da. Zer kontatzen du?
Oraindik bukatzen ari gara. Orain arte geldituta egon gara, eta abuztuan martxan hastea espero dugu. Identitatearen inguruan hausnartzen ari gara, maskulinoa eta femeninoa delakoan, baina ez bakarrik gizona eta emakumea bezala ulertuta, baizik eta bakoitzaren barnean dauden bi polo horiek nola elkartzen diren eta nola eragiten dioten. Bi dualtasun horiek. Gizakiari buruz hitz egin nahi dugu. Berreskuratu nahi dugu lehengo hizkuntza, estetikoki ere arte sanoaren bidez egiten ari gara, ez dugu digitalik nahi; dena artisaua izatea nahi dugu. Erritualak ere landuko ditugu. Gizakiaren oinarrietara joan nahi dugu. Iruditzen zaigu gaur egun oso interesgarria eta beharrezkoa dela. Martxan jarriko gara orain, eta gauzak aldatuko dira. Bizi duguna agertu behar da.

Beraz, beste bide bat ireki dizue koronabirusak?
Agertokian agertzen dena bizitzen duzuna da. Zure bizipenak eta gertatzen zaizkizun gauzak dira gero adieraziko duzuna. Orduan, bizi dugun egoera hau ez da edozer gauza, eta islatu beharko dugu.

Zer moduzko esperientzia izan zen Erriberriko Jaialdian egotea?
Oso polita. Aste bat horretara bakarrik egon eta dirulaguntza batekin luxu bat da. Horrela izan beharko litzateke, hori egiteko aukera gehiago izan beharko genituzke. Gure lana sortzea da, eta normalean hilabete batean zerbait prestatu ahal izateko lan egiten dugu. Ia baliabiderik gabe lan egiten dugu, eta horrela ezin da. Sortzeak denbora behar du, gauza bat dela edo bestea dela, urte bat baino gehiago daramagu honekin. Eta denborarekin egin nahi genuen, galtzeko aukera izan nahi genuen, eta zentzu askotan oraindik galduta gaude.

Eta DNA 2020 programaren barruan mustuko duzue. Programa hauek zuendako garrantzitsuak dira, ezta?
Bai. Programa hau dantza garaikidekoa da. Antzerkirako gutxi badago, dantzarako are gutxiago. Orduan, aukera bat da; noski. Bi funtzio egin ahal izatea, estreinaldi bat eta beste bat, aukera oso ona da. Bai publikoarendako ikusteko aukera duelako bai guretako mugitzen hasteko. Obra bat estreinatzea erditzea bezala da; umea izan duzu, baina gero ibiltzen ikasi behar du... prozesu hori funtzioek sortzen dute.

COVID-19 VS. ANTZERKIA
Urte arraroa izaten ari da. Kultura izan zen eten zen lehenengo arloa. Zer moduz daramazue?
Denok bezala: ezjakintasunez. Ez dakigu zer gertatuko den, baina konturatu gara sistema oso ahula dela. Kultura mailan, esaterako, departamentua oso galduta egon da, ez daki nora joan eta orain pixka bat mugitzen hasi da. Kale antzerkia mugitzen hasi da. Txori eta biok Amico’s on the beach egiteko hainbat funtzio ditugu dagoeneko. Esperientzia berria da eta aldaketak datozela iruditzen zait. Etorri dira. Ez bakarrik antzerki eta kultura munduan, nik uste gizarte eta mundu mailan ere. Beste nonbaitera joan behar dugu, eta ez dakigu nora. Horrek beldurra ematen digu.

Konfinamendua nola pasatu duzu?
Intentsua izan da. Lau eta zazpi urteko bi haur dauzkat eta ondo egon dira. Gu ere ondo egon gara. Baina denetarik izan dugu, eta gogorra izan da. Azkenean, gelditzen zarenean... Gustura egon gara ere, baina erdian familia arazoak izan ditugu eta momentu batzuetan zaila izan da.

Sortzeko aukera izan duzu?
Ez nuen gogorik eta oraindik ere kostatzen zait. Lanbidea beste modu batean planteatzera eraman dit. Ez dakit nola egingo dudan, baina artiston egoa oso handia da eta asko pentsatu dut nola eta zergatik egiten ditudan gauzak. Publiko batentzako egiten dugu, baina nola? Krisi batean sartu naiz. Gauzak besteei gustatzeko edo nire bihotzetik egiten ditudan planteatzen hasi naiz. Argi daukat ateratzea behar dudala. Gauza oso sotilak dira. Iritzi pertsonala da, baina batzuetan gauzak egiten ditugu hutsune antzeko bat betetzeko eta besteei gustatzeko, baina hutsune hori ez da betetzen. Honek edo besteak egingo nau zoriontsu pentsatzen dugu, eta egin ondoren ikusten dugu momentu baterako zoriontsu egin gaituela, baina besterik ez.

Orduan gelditzera behartzen gaituzte...
Eta hor iruditzen zait dagoela lana. Norberak bere barrura begiratzea.

Kulturak konfinamenduan asko lagundu duela esaten dute.
Gure lana beharrezkoa da. Gaur egun are gehiago. Antzerkiak eta arte eszenikoek egoera honi buruz asko esan dezakete, baita gauzak beste modu batean esateko ere. Umorearen bitartez, esaterako. Umorea sendagai oso ona izan daitekeela iruditzen zait. Oso ona da defentsak igotzeko.

Umorea eztabaidagai izan ohi da. Koronabirusaren inguruan umorea egin daiteke?
Nik uste baietz. Guztiarekin egin daiteke umorea. Nola egiten duzun da gakoa. Baina pixka bat askatu behar garela uste dut. Oraindik gaizki pasatzen ari garela iruditzen zait. Orduan, bai. Beharrezkoa da. Distantziaren gaiarekin, maskarekin... inori errespetua galdu gabe. Hori beti.

Kaleko antzerkia dagoeneko mugitzen hasi da… baina desberdina izango da, ezta?
Noski. Gu adibidez Amico’s on the beach-en publikoaren artetik ateratzen ginen, orduan orain, ikusi behar dugu maskararekin agertuko garen edo nola egingo dugun, publikoko pertsona bat ateratzen genuen eta hori ere ikusi beharra daukagu… Beste modu batean.

Buruan proiektu berriak dituzu?
Momentuz, ez. Transitos egitea. Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen dirulaguntza batera aurkeztuko gara ekoizpena oso handia delako. Datorren urtera begira kaleko antzerki bat prestatzea pentsatu dugu jendeak eskatu digulako.