Izaskun Mujika Mujika

"Kontatzearen momentua bera magikoa da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 20a, 14:36

Izaskun Mujika Mujika ipuin kontalaria eta aktorea.

Antzerkiaren eta ipuinen munduen artean murgiltzen da Ihabarren bizi den Izaskun Mujika Mujika. Bi kode izan arren, ipuin kontaketetan biak uztartzen ditu.

Arte dramatikoa ikasten ari zela ipuin kontaketetan lehenengo urratsak eman zituen, eta orain guztiz "harrapatuta" dago. Ipuinak kontatzeko orduan antzerkia eta narratzailearen papera uztartzen ditu, bere estiloa "oso antzeztua" baita. Ipuina beti oinarri hartuta. Giro magikoak sortzen ditu.

Zer da ipuin kontalari bat?
Ipuin kontalaria edo narratzailea ere esaten da. Modu askotan esaten da. Ni haurren publikora zuzentzen naiz, gehien bat. Helduentzako ipuinak ere kontatu izan ditut, baina gutxiago. Ipuin sorta bat ahozkotasunez lantzea da. Ahoz aho edo ahoz belarrira kontatzea. Batzuetan liburuak eraman izan ohi ditut ilustrazioak erakusteko, gaur egun oso ohituta daudelako irudiak ikustera; mugimenduan, gainera. Azken finean, gizakiak bizitza osoan egin izan duena egiten dugu: ahozkotasuna, istorioak, herrien kondairak, tradizioak, mitoak eta abar kontatzea. Lehen ez zen lanbide, eta egun ogibide bihurtu dugu.

Zeintzuk dira aktoreen eta ipuin kontalarien desberdintasunak?
Mota askotako ipuin kontalariak daude. Aberasgarria da. Badago eserita kontatzen dituena, mozorrotuta, musikarekin lagunduta, objektua erabiltzen dituena… Antzerkiaren mundutik nator. Arte dramatiko ikasketak egin nituen, aktorea izatea zen nire helburua eta aktore naiz; bi ekintzak uztartzen ditut. Baina ipuinak nire bizitzan sartu ziren. Ikasten ari nintzenean ipuinak nola kontatzen diren tailer bat egitea proposatu zidaten, eta pixkanaka, pentsatu gabe, mundu horretan sartu nintzen. Baina ez dauka zertan loturik egon. Narratzaile askok esango dute aktoreek beti gurera eramaten dugula eta kontakizuna beste gauza bat dela… Nire kasuan bai erlazionatzen dudala: kontatzeko modua oso antzeztua delako. Baina ez naiz antzerkia egiten ari, beste kode batean nago.

Nolakoak izan ziren hastapenak?
Nire lehenengo ipuin saioan Bremengo musikariak ipuina kontatu nuen. Ez nuela sekula horrelako zerbait inoiz gehiago egingo esan nuen. Oso gaizki pasa nuen. Oso saio txarra izan zen. Denborarekin ekintza oso gaizki prestatuta zegoela ikusi nuen. Saioak ezinbesteko betebehar batzuk dituela konturatzen zara. Gainera, guraso bat etorri zitzaidan bi alabekin, aita emozionatuagoa zegoela, eta esan zidan honetan jarraitu behar nuela. Alde batetik, leher eginda bukatu nuen, eta beste alde batetik, aukera bat emango niola pentsatu nuen. Saioak hobetzen joan ziren. Agian ikasteko asko zegoelako. Niretzako bi arloak konektatuta daude, eta batean ikasten dudana bestera eramaten dut. Ez dakit oso ongi nola, baina harrapatuta bukatu nuen.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Zuzeneko momentu hori, eta inprobisazioa. Ipuin sorta bat prestatua duzu, baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den. Antzerkia ere bizia da eta gertatzen dena hor gertatzen ari da; ez dago bi saio berdinik. Baina ipuinekin are gehiago. Nire kasuan behintzat hori sentitzen dut. Haurrak oso gertu daude, edozein momentuan hitz egiten dute, zurekin parte hartzen dute, ipuina mozten dute… Erlazioa biziagoa da. Hasieran gogorra da, lehoien urrean sentitzen nintzen batzuetan. Babesik gabe. Mila gauza gertatu zaizkit. Hori ere eramaten ikasi behar duzu. Orain, gustatzen zait.

Publikoa exijentea da.
Bai. Familia arloan egiten den zerbait da, berreskuratu dena. Gure garaian gure gurasoek ez zuten denborarik ipuinak kontatzeko. Aiton-amonek beste modu batera kontatzen zituzten istorio zaharrak. Baina gaur egun gurasoak oso kontzientziatuta daude. Eta ogibide bihurtu da, ez da moda bat izan. Haurrak ohitzen dira, ekintza maiz egiten den lekuetan pila bat nabaritzen da, eta gustura joaten dira. Beharrezko lana da: bai ipuin kontalariak bai antzerkia bai pantailetatik ateratzen dituen edozein kultur ekimen. Teknologia oso ongi dago, baina saiatu behar dugu haurrak harrapatuta ez gelditzen.

Zer onura izan ditzake ipuin kontalarien saioek?
Hasteko, pazientzia: eserita egon behar du eta prozesu horretan sartu behar du. Marrazki bizidunak ikusten dituztenean dena oso azkar pasatzen da. Estimulua igotzen da. Tarteka saioetan gehienez liburu bat erakusten diet irudiekin. Irudi geldiak dira, eta zuk egin behar duzu mugimendua zure buruarekin; zuk irudikatu behar duzu guztia. Irudimena, ulermena, emozioen lanketa… Narrazio tailerretan gurasoek galdetzen ohi dute nola kontatu, eta ipuinak maite zaituen pertsonak kontatzen ditu. Momentu hori bera magikoa da. Pertsona bat etorri da niri istorio bat kontatzera. Onura afektiboak ditu. Batzuetan behin eta berriro ipuin berbera kontatzea eskatzen dute protagonistari gertatzen zaiona sentitzen dutelako, eta korapiloak askatzeko laguntzen die.

Saioak normalean liburutegietan egiten dira. Zer da liburutegi bat zuretzat?
Leku magikoak dira. Antzerkian hasi nintzenean, eta horrekin ere lotzen dut, antzerkia irakurtzeko irrika bezala sortu zitzaidan. Liburutegira joaten nintzen. Liburuz betetako toki bat zoragarria iruditu zitzaidan. Agian ordura arte ez nuelako espazio hori ezagutuko. Ordutik liburutegira joaten naiz eta denbora konturatu gabe pasatzen zait. Unibertso asko daude leku berberean. Espazio bat non irudimena bertan dagoen. Orduan, ipuin saioak bertan egitearen are gehiago.

'Ipuinen lapikoa' saioa eginen duzu Etxarriko Liburuaren egunean, zer kontatzen du?
Lapiko handi bat eramaten dut. Bere istorioa badu. Haurrei lapikoaren istorio magikoa kontatzen diet: Italiatik datorrela, sorgin batena izan zela eta abar. Orduan, sorginaren istorioa kontatzen dut eta harik aurrera sortzen diren guztiak. Baina berezko istoria da nire etxean erabiltzen zela etxerria hiltzeko, hestekiak egiteko... Amari beti eskatzen nion eta azkenean eramateko esan zidan, bigarren bizi bat zuelako. Saio hori gustatzen zait uztartzen dudalako antzerkitik natorrela. Ez da lapiko normal bat, beste unibertso batera eramaten zaitu. Oso saio polita da, eta oso ongi funtzionatzen du magia puntu bat duelako.