Antzerkiaren katarsiaren adibide

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 26a, 11:14

'Ilargiaren atzean' antzezlanaren une bat. UTZITAKOA

'Ilargiaren atzean' antzezlanak gai "oso indartsuak" lantzen ditu. Antzerkiaren bidez haurrek pertsonaiekin bat egiten dutela eta ikusten ari direna sentitzen dutela azaldu du Izaskun Mujika Mujika aktoreak

Antzerkia "katarsia" dela esan du Izaskun Mujika Mujikak. "Bat-batean agertokian sentitzen dutena ari zara sentitzen". Katarsi hori Ilargiaren atzean aktoreak mustu duen azken lanean adierazten da. Lan "zoragarria" dela esan du; emozioek "gainezka" egiten dutela. Atzo, igandea, Irurtzunen emanaldia egin zuten Nafarroako Antzoki Sarearen Zirkuituaren barruan. 

Ilargiaren atzean antzezlanak Nafarroako Antzerki Eskolak eta Iruñeko Udalak antolatzen duen antzerki testu lehiaketa irabazi zuen 2019an. Maialen Diezen testua da. Nafarroako Antzerki Eskolak eta Malaspulgas taldeak hartu zuten antzokira eramateko ardura. 2020an mustu behar zuten, baina pandemiagatik atzeratu zuten. Azkenean, urrian estreinatu zuten eta, orain, gaztelaniazko bertsioa ere plazaratu dute. Nafarroako Antzoki Sarearen Zirkuituan sartu ziren, eta Nafarroa osoan "hainbat" emanaldi eskainiko dituzte.

"Haurrendako zoragarria da". Maialen Diezek "sekulako" lan polita egin duela azaldu du Mujikak: "genero aldetik oso interesgarria da, familia estruktura bat planteatzen du…". Denak emakumeak direla gaineratu du aktoreak: Virginia Cervera zuzendaria eta Monika Torre, Sofia Diez, Patrizia Eneritz eta Mujika aktoreak dira.

Gai indartsuak
Ilargiaren atzean antzezlaneko protagonistak, Graziana eta bere alaba Ilazki dira. Mujikak Ilazkiren papera egiten du. Biak bakarrik bizi dira eta Ilazkik desio bat dauka: ahizpa bat izatea. "Urtero mamurroak, galtzagorriak, San Joan gauean harrapatzen ditu eta desio hori eskatzen die. Baina ez diote betetzen, ezinezkoa delako". Amaren eta alabaren artean gatazka dago, baina "bat-batean" beste pertsonaia bat agertzen da, gurasorik gabe gelditutako neskato bat, "galduta", eta Grazianaren bidean jartzen da: "Alaba berri bat dauka, Ilazkirentzat ahizpa bat dauka… Etxera eramaten du". Pertsonaia oso polita dela esan du aktoreak: "Gurasorik gabe gelditutako pertsonaia bat da, duen traumagatik hitz egiten ez duena". Beste bidai bat hasten da: "Bi neskato hauen artean zer gertatzen da, zer gertatzen da etxean haur berri bat sarzten denean eta abar. Hor hasten da gatazka". Eta ezin du gehiago kontatu.

Emozioak gainezka dauden lan bat dela esan du Mujikak. "Horrela landu dugu interpretazio aldetik ere, emozioak bizi-bizian". Haurrendako "lan zoragarria" dela aipatu du, lantzen dituen gai "oso indartsuengatik": jeloskortasuna, adopzioa, heriotza, desioak, norbait desagertzen denean, gauzak egin ondoren zer egin, barkamena eta "hainbat eta hainbat".

"Bideratzen duzun moduaren arabera, antzerkiak, ipuinak eta denak ikasteko balio dezakete. Ni ez naiz batere didaktikoa ezta pedagogikoa ere. Baina testu honek duen interesgarritasuna hori da: ez dago modu didaktikoan egina". Testuak zuzenean emozioekin konektatzen du: "Bizitzaren zati bat antzerkira eramanda da, baina modu poetiko batean eginda. Haurrei ez zaie esaten: ‘hau ez da horrela egiten. Ez. Bi haur ikusten dituzu eta haurrak beraien lekuan jartzen dira". Antzerkiaren katarsia sortzen da.

Probatzeagatik
Hernaniko, bere herriko, institutuan ikasten ari zela antzerki tailerrean hasi zen, "gazte asko hasten diren bezalaxe; probatzegatik". Oso gustura aritu zen bi urtetan, eta ikasketak aukeratzea tokatu zitzaionean psikologia ikastea pentsatu zuen, "baina bat-batean pentsatu nuen ez nuea nahi". Antzerkiaren munduan sartu nahi zuen. "Behintzat probatu, aukera bat eman". Badaezpada psikologian aurrematrikula egin zuela aitortu du.

Garai horretan Nafarroako Antzerki Eskolan sartzeko probak egiten zituzten, "eta ez zen erraza sartzea. Jende asko geratzen zen kanpoan". Antzerkia ikastera iritsi zen Mujika Nafarroara, Gipuzkoan ez zuelako aukerarik. "Aukera bat eman nion, gero beste bat, eta beste bat…". Bokazioa den galdetzen diotenean, ez du oso argi "pasioa edo bokazioa" ote zen: "Momentu horretan oso argi neukan hori egin nahi nuela. Banekien probatu behar nuela, eta hori egin nahi nuela".

Probatzen hasi zen, gauzak ateratzen joan ziren, eta dagoeneko hogei urte inguru daramatza oholtzaren gainean. Institutuko taldetik hiru pertsona aktore profesional direla aipatu du, "eta ez da oso ohikoa". Irakaslearen lan onaren seinale dela azaldu du: "Izan daiteke zaletasunarekin batek jarraitzea, baina urte berean hiru pertsona ez da hain arrunta. Irakasleaz asko esaten du". Gazteei "edozein arlo" nork erakusten dien garrantzitsua dela gaineratu du, "pasioa kutsatu dezake, edo kontrakoa"

Kultur egarria
Mujika aktorea eta ipuin kontalaria da, eta normalean ipuin kontaketa saioetara joaten diren haurrak antzerkira joateko ohitura ere izan ohi dutela esan du. "Beste arloetan gertatzen den bezala: badago jendea denetara joan dena". Baina izan daiteke ipuin kontaketetatik hasi eta antzerkirako saltoa ematea. Bi saioek arau desberdinak ikasi behar izatea ekartzen du, biak antzekoak: eserita egon behar izatea, isilik, arreta mantendu...

Antzerkiaren munduan hasi zenetik, Mujikak ez du aldaketa handirik nabaritu, "baina bitxia da orain pandemia garai honetan antzerki eskolan estreinatu genuenean, edukiera kontuan hartuta, aretoa beteta zegoela". Bigarren saio bat egin behar izan zuten. "Izan ditugu euskarazko estreinaldiak oso jende gutxirekin". Beraz, ez da bakarrik edukiera gutxi dagoelako: "Badago jendea lehen joaten ez zena, eta orain ezin duenez beste jarduerarik egin, antzerkira joaten hasi dena". Beharra sortu da.