Ihoteak direla eta, ospakizun asteburua izanen dute Ihabarren. Bihar, 11:00etan, herrian barnako puska biltzea eginen du ihote segizioak. Jasotakoak bazkaltzeko erabiltzen dituzte gero. Eta arratsaldean, 18:00ak aldera, etxez etxeko erronda eginen dute moxorro bihurtutako ihabardarrek. Moxorroak jantzi txuriak eta txanoa jantziko dituzte, guztiak koloretako zintaz apainduta. Gainera, moxorroek eskutan erratzak izanen dituzte eta haiekin jendea lokatzez, suko hautsekin edo dena delakoarekin zikintzeko prest izanen dira.
Igande arratsaldean izanen du segida ihote ospakizunak. 18:00etan, atzera ere, kalera aterako dira. Eta haiekin batera hartza, Aitezarko, Landarra eta azken horren besoetan Ninia (zapi batean bildutako egur puska). Txistulariekin herrian barnako kalejiran familiaren pasadizoa berrituko da ihabardarrek. Izan ere, Landarra oihuka eta negar batean erreguka ariko da Aitezarko zigortu ez dezaten eskatzen. Aurreko urte guztietan sutara zigortuko dute Aitezarko eta badirudi aurten ere hura izanen dela bere azkena. Ondoren Ihabarko zortzikoa dantzatuko dute.