Lehen sektorearen festa

Guaixe 2022ko mar. 16a, 10:42

Oskar Garcia Ihabarko alkatea eta Naiara Calderon antolatzailea. MAIALEN HUARTE

Larunbatean Udaberri Eguna ospatuko dute Ihabarren. Besteak beste, gazta berriaren irekiera eta postre lehiaketa eginen dute. 

Udaberriari ongi etorria emateko eta lehen sektorea aldarrikatzeko festa eginen dute larunbatean, martxoaren 19an, Ihabarren: Ihabarko ardi esnearekin egindako I. Postre lehiaketa, Ihabarko gazte berriaren irekiera Oinatz Bengoetxearekin, bertsolariak, otamena eta musika, herri bazkaria, puzgarriak eta Ihabarko behi esnearekin egindako txokolatada eginen dute. 

Postre lehiaketa
Postre lehiaketaren plateren osagaien artean ardi esnea egongo da. Parte hartzaileek, gehienez, 1,5 litro esneko postrea aurkeztuko beharko dute. Lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da, antolakuntzarekin harremanetan jarriz. Esnea jasotzeko Ihabarko gaztandegitik pasa behar da, martxoaren 18 baino lehen. Balio gastronomikoa, bideragarritasuna, produktua eta estetika eta originaltasuna eta teknika kontuan hartuko dituzte baloratzeko orduan. Epaimahai burua Maisonnave Hoteleko Caravinagre y Braulia jatetxeko sukaldariak osatuko du eta sariak Maisonnave Hotelaren Caravinagre y Braulia jatetxean bi pertsonendako bazkaria eta txapela izanen dira. 

Egitaraua

  • Goizean zehar
    Bertsolariak, otamena eta musika
  • 10:30
    Lehiaketarako postreak jasotzea
  • 11:00
    Ihabarko gazta berriaren irekiera Oinatz Bengoetxearekin
    Ongi etorria eta Ihabarko I. oroigarria ematea
  • 11:30
    Ihabarko ardi esnearekin egindako I. Postre lehiaketa
  • 13:30
    Sari banaketa
  • 14:00
    Haurren bazkaria
  • 14:45
    Herri bazkaria
    Ihabarko babarrun gorriak, zikiroa, lehiaketako postreak eta kafea. 
  • 15:00-19:00
    Puzgarriak
  • 18:00
    Ihabarko behi esnearekin egindako txokolatada

 

Ostiralean Naiara Calderon antolatzaileari egindako 11 Galdera Guaixe astekarian.