Landa eremuko emakumezkoen zereginei aitortza

Guaixe 2022ko urr. 11a, 13:32
Nafarroako landa eremuko berdintasun teknikariak. Aurrean, eskuinean, Oihana Gallo San Roman. UTZITAKOA

Landa Eremuko Emakumezkoen Nazioarteko Eguna dela eta, Berdintasun Zerbitzuek "agenda politikoaren erdigunean genero berdintasuna" jarri nahi dute, "Nafarroako landa eremuko emakumezkoen egoera hobetzeko jarduerak martxan jartzeko".

Hilaren 15ean, larunbatarekin, izanen da Landa Eremuko Emakumezkoen Nazioarteko Eguna. Horregatik, Berdintasun teknikaria duten Nafarroako toki erakundeek egunarekin bat egin dute, "landa eremuko emakumezkoek egiten duten lan guztia ezagutarazteko", azaldu du Oihana Gallo San Romanek, Sakanako Mankomunitateko berdintasun teknikariak. Azaldu duenez, "bizitzari eusteko eta beraien herriak zaintzeko borrokatu diren emakumezko guztiak hartu nahi ditugu gogoan, askotan isilean lan egin dutenak eta gutxietsiak izan direnak". Gallok emakumezko horiek egin duten lanaren gizarte, ekonomia eta politika funtzioa nabarmendu ditu, "gure herrien bizitza hobetzen aritu baitira emakumezko horiek". 

Egun horretarako honako leloa aukeratu dute: Nafarroako landa eremuko erronka feminista izanen da, edo ez da izanen. Haren bidez teknikariek adierazi nahi dute "beharrezkoa" dela "Nafarroako landa munduan emakumezkoek dituzten behar zehatzei erantzunen dieten politika publikoak martxan jartzea. Hori lortzeko berdintasuna, feminismoa eta genero ikuspegia landa garapeneko politika guztietan zeharka txertatu beharko dira", esan du Gallok. Horregatik, "landa eremuko emakumezkoen bizitza hobetu, jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan dadin" toki entitateei manifestu bat bere egitea eskatu diete. 

Adierazpena
Udalei aurkeztu zaien adierazpenean haiek emakumezkoen "bizi kalitatea hobetzeko lan" egitea eskatzen da, "haien aldarrikapen eta beharrei erantzunez". Hiru lehentasun ere zehaztu dituzte. Batetik, emakumezko gazteak kontuan hartzea, "hirietara joan ez daitezen garapen pertsonalerako eta landa garapenerako aukeren bila". Bestetik, emakumezkoak norberaren eta besteen konturako lan merkatuan sar daitezen sustatzea, "landa eremuan hirietan baino zailagoa baita". Eta, azkenik, "pentsamolde aldaketa lortzea, emakumezkoen eta gizonen arteko rol banaketaren barruan bereizkeria egoerarik sor ez dadin eta landa eremuko emakumezkoen egoera pertsonala eta lan egoera hobetu dadin". Horri lotuta azaldu du, "emakumezko horiek ikusezin bihurtu dira, eta baserriko lanez aparte, 'etxeko eta familiako zereginak' ere haiek egin beharreko lantzat ikusi izan dira beti". 

Landa eremuen etorkizuna "oparoa, bidezkoa eta baketsua eraikitzeko funtsezko" jo dituzte honakoak: genero berdintasuna landa lurretan zeharka sartzea, inguru horretan emakumezkoen eta nesken ahalduntzea, emakumezkoen parte hartze soziopolitikoa herritar aktibo eta boteretsuak izateko, lana eta bizitza pertsonala uztartzea, emakumezkoen elkartegintzari eta berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteei laguntzea eta baliabideak ahalik eta gehien optimizatzea.

Dokumentala 
Teknikariek dokumental ziklo bat antolatu dute. Ikus-entzunezko edukien bidez "egungo egoera hobetzeko beharrak eta aldarrikapenak" plazaratuko dituzte, "landa eremuko emakumezkoen arazo zehatzak konplexuak eta heterogeneoak dira, eta tamainako erantzunak behar dituzte", azaldu du teknikariak. Nafarroako hamar herritan izanen dira emanaldiak, tartean Ihabarko herriko etxean. Ostegunean, 19:00etan, Gure lurra, gure etorkizuna dokumentala ikusteko aukera izanen da. Lanak hainbat herrialdetako nekazaritza erakunde eta baserri ustiapen txikitako 80 bat elkarrizketaren bidez egungo elikadura merkatuaren esku dagoela azaldu eta mila miloi pertsona gose direla azaltzen da, gainera, gosetu horietako asko nekazariak dira. Emanaldiaren ondoren, Helena Bengoetxea zuzendariarekin hizketatzeko aukera izanen da.