Igandean jokatutako Tuterako Duatloi Krosak Nafarroako Duatloi Txapelketa eta 2023 denboraldia mustu zuen. Erriberan hotza zen nagusi eta haizeak gogor jotzen zuen, baina duatletak ez ziren kikildu eta 110 inguruk lortu zuten proba bukatzea. Hasierako 5,5 kilometroko korrikaldiaren ondoren, bizikleta hartu eta 22 kilometro osatu zituzten, bukaeran 2,5 kilometroko korrikaldia egiteko. Gizonezkoetan Mikel Astiz Erro ihabardarra (Hiru Herri) gailendu zen (1:14:32), Iñigo Camarero Alliri (Saltoki) 1:31 minutuko tartea ateraz. Emakumezkoetan Karmele Garaio Aranburuk irabazi zuen, Astizen taldekideak (1:33:29). Hiru Herri talde sortu berriak ezin hobe hasi du denboraldia.
San Juan taldea utzi eta aurten Hiru Herri talde sortu berrian hasi zara. Zergatik aldaketa hori?
Talde aldaketa ia konturatu gabe egin dut. Aurten bigarren urtea dut Hiru Herri atletismo klubean. Joan zen udan pentsatu genuen: zergatik ez dugu sekzio berria sortzen eta triatloi atala gehitzen? Izan ere, gero eta jende gehiago ibiltzen da bizikletan, bai astean zehar, bai asteburuetan, bidaiatzen... Eta animatu ginen. Pozik gaude. Hiru Herri Triatloi sekzio berrian 30 lizentzia inguru ditugu aurten, eta nabarmentzekoa da emakume mordoxka ditugula. Eta geroz eta emakume gehiagok izena ematea espero dugu.
"Haize handia zebilen, baina arriskatu nuen eta bizikletako sektorean erasoa jo nuen. Ongi atera zen"
Tuterako Duatloi Krosa irabaztea espero al zenuen?
Iaz ere Tuterako proba irabazi nuen, eta aurten ere aukerak ikusten nituen, joan zen urtean bezalako maila zegoela iruditzen zitzaidalako. Lehendabiziko korrikako sektorean lauzpabost duatletek osatutako taldetxoa jarri ginen buruan, baina bizikletako tartean etorri zen aldaketa. Haize handia zebilen, baina hala ere arriskatu nuen eta bakarrik joateko erabakia hartu nuen. Ongi atera zen, bizikletan tarte dezente hartu nuelako eta azkeneko sektorean eroso ibili nintzelako. Helmugara lasai iritsi nintzen. Beraz, oso pozik nago Tuteran beste behin irabazita. Pena, Tuteran txapelik ez dutela ematen. Domina eta barazkiak, bai ordea (kar, kar).
Zein izango da aurten zure egutegia? Eta helburu nagusiak?
Aurten denetarik izango dut. Nafarroako Duatloi Txapelketako proba ia gehienetan parte hartzen saiatuko naiz. Bestalde, Hiru Herri talde berriarekin Espainiako Txapelketarako proba sailkagarrian parte hartuko dugu, Berlangan (Soria). Asteburu honetan goaz. Ea zer moduz gabiltzan. Aurten ere duatloi proba luzeetan lehiatuko naiz. Apirilaren 1ean jokatuko den Zuia Duatloirako serio prestatuko naiz. Eta duatloi denboraldia pasata, triatloi denboraldian murgilduko naiz. Orain arte half distantzia luzean soilik maiatzean jokatzen den Pamplona-Iruñea Half Triathlon proba egiten nuen, baina aurten Iruñeakoan aritzeaz gain, aurretik, apirilean Peñiscolan jokatzen den beste half triatloi proba batean aritzeko asmoa dut. Denboraldia bukatzeko ekaina erdian Frantziara joango naiz, Luchon Triathlon proba gogorra egitera. Horiek dira helburu nagusiak. Ondoren atseden hartuko dut. Antton Zelaiarekin agian ere zer edo zer egingo dugu, baina hori aurrerago erabakiko dugu.