Otsailaren 12an Lizarrako Duatloia jokatu zen Los Llanosen, aldi berean Nafarroako Sprint Distantziako Txapelketa zena. Triatletek 5 km korrika, 22 km bizikletan eta 2,5 km-ko korrikaldia osatu behar izan zuten.
Aurreko astean Tuterako Duatloi Krosa irabaztetik zetorren Mikel Astiz Erro ihabardarra (Hiru Herri) ikusgarri aritu zen atzera ere. Korrika eta bizikleta gainean duen trebezia bikain kudeatuta, aldea hartu eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:02:47), Josu Etxeberriari (Cafes Foronda) 15 segundo aterata (1:03:03). Beraz, Sprint Distantziako Nafarroako txapelduna dugu Astiz.
Gainontzeko sakandarrak ere ongi ibili ziren. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate 18. sailkatu zen (1:05:32) eta Juan Luis Maiza 35. (1:09:03). Hiruki taldeko Jose Ignacio Mikeo 54. iritsi zen, (1:12:37) eta Sakana Triatloi Taldeko Juan Carlos Gomez 63. (1:14:14).
Emakumezkoetan Saltokiko Sara Modrego izan zen Lizarrako txapelduna (1:13:06), eta erreleboetan Jon Flores eta Julen Lizarribar gailendu ziren (1:06:22).