Udaberriarekin batera, gazta berriak ere hasi du bere bidea

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2023ko mar. 21a, 15:38

Zaporez goxo, ehunduraz xuabe eta usainez nortasuneko da Ihabarren egiten duten gazta. 

Ehun lagunetik gora bildu ziren igandean Ihabarren udaberriari, eta batez ere herrian egiten den gaztari ongi etorria emateko. Oraingoan ere goxo egin dute gazta Arbeltz-tarrek. Ez du inor aho hutsik utzi: xuabea, goxoa eta berezko nortasunekoa da aurtengo gazta ere. 

Ardi esnez egindako tartak
Hogei postre inguru aurkeztu zituzten II. Ardi esnez egindako postre lehiaketara. Ez zen erraza izan txapela banatzea, eta azkenik, Naiara Arrizubietak eraman zuen, gazta tarta eder baten bidez. 

Bazkaritarako ere, herriko babarrunak, babak eta axuria jan zuten herritarrek eta meriendatarako km 0-ko behi esnez egindako txokolate beroa. Gozotik hasi, goxoz bukatzeko.

Sheyla Gutierrez Movistar Team-eko txirrindulariak dastatu zuen lehen gazta. Hari eman zitzaion herriko produktuz betetako saskia ere.