Mikel Astiz Erro Ihabarko duatleta balentria gauzatzear izan da. Lizarrako Duatloia eta Agoizko Duatloia irabazi eta gero, azken hau Nafarroako Sprint Duatloi Txapelketa, Altsasuko Duatloian bigarren izan zen, eta bere erronka nagusia apirilaren 13ko Murgia-Zuiako Duatloian maila onean aritzea zela azaldu zuen. Astizek asko du ospatzeko, sorpresa eman eta laugarren sailkatu baitzen, podiumetik gertu.
Bero galantarekin jokatu zen Murgia-Zuiako Duatloia (15 km-70 km-7 km). Korrikako ataleko lehen 15 kilometroetan erritmo gogorra ezarri zuten Gonzalo Fuentesek eta Fernando Zorrillak. Hasieratik aldea atera zuten, eta elkarrekin osatu zuten lehen eremua. Bizikleta hartu bezain pronto, Fernando Zorrillak erasoa jo, eta bakarrik egin zuen aurrera. Atzean Gonzalo Fuentes, Victor Arroyo eta Pello Osoro zituen. Atzetik, Mikel Astizek bizikleta tarte ikusgarria egin zuen, eta postu nahikotxo egin zituen aurrera. Bizikleta uzteko trantsizio gunera Zorrilla bakarrik iritsi zen. 1:48ra Pello Osoro sartu zen, 6:42ra Gonzalo Fuentes, 9:21era Ruben Ruzafa eta 9:56ra Mikel Astiz. Ikusgarria.
Ez zuen espero
Korrikako azken 7 kilometroetan Zorrillak beste errezitaldi bat eskaini zuen, eta meritu handiz irabazi zuen proba (3:11:09). Pello Osoro 3:59ra sartu zen, bigarren; Gonzalo Fuentes 8:08ra, hirugarren, eta Mikel Astiz 11:49ra, laugarren, lan bikaina eginda. “Oso pozik nago. Zuian aurreneko postuetan sartzea ia ezinezkoa da. Proba hasi baino lehen, laugarren bukatzea gustura asko sinatuko nukeen. Zegoen maila ikusita Top 20an sailkatzea, hori zen asmoa, baina gutxinaka aurrean sartu, eta, azkenean, ederki sufrituta laugarren iritsi nintzen. Ez nuen inondik inora espero, eta oso pozik nago”.
Guztira 360 gizonek eta 36 emakumek despeditu zuten proba gogorra. Emakumezkoetan Helene Alberdi izan zen txapeldun handia (3:48:47), Marta Borboni 6:32 aterata. Yaiza Saiz hirugarren sailkatu zen, 15:19ra.
Hurrenak, half triatloiak
Asteburu hau atseden hartuko du Astizek, merezitakoa. Azken aldaketarik ez badago, Mikel Astizek triatloien denboraldiari ekingo dio. Hiru distantzia luze edo half triathloi egiteko asmoa du: Peñiscolakoa, apirilean 28an, Oropesa del Marreko Epic Triathlon, maiatzean, eta Burrianakoa, ekainean. “Triatloian igeriketarekin nahiko lan izaten dut, baina ordu asko sartu ditut aurten; ea uretan zer moduz moldatzen naizen, eta ea half-ak nola ateratzen diren.