Gazta berria, eta gehiago

Guaixe 2024ko api. 23a, 11:00

Dantzariek omenduei aurreskua dantzatu zieten.

Egitarau zabalarekin ospatu zen hirugarren urtez gazta berriaren irekiera eguna. Eguraldia lagun, giro ederra izan zen.

Herrian sortu berri den fanfarreak bere doinuz herria alaitzeaz arduratu zen goizean. Gure Kabiya elkarteak ateak zabaldu zituen eta egarri zenak han zuen edozer edateko aukera. Pintxoak ere izan ziren. Baita otamena ere. 

Ihabardarrek aukera baliatu zuten Juanito Erdozia Mauleon eta Santos Goñi Larraia omentzeko. Aurrenak aizkoraren kirolaren alde egindako lanagatik jaso zuen aitortza. Hurrena 1984ko apiriletik duela gutxira arte albaitari lanean aritu eta 40 urte pasatan emandako zerbitzuagatik. Erdoziak azaldu zuenez, “ahal dudan bitartean segituko dut . Aizkora eskolara etortzen diren gazteak ikusi eta poza ematen dit. Zer gertatzen da batek uzten badu, akabo, dena bukatzen da. Honetan segitu beharra dugu, bestela dena ahaztuko da”. Goñik hasiberritan izandako bere aurreneko lanetako bat gogoratu zuen: Altsasun kantatzen ez zuen kanarioa bihotzekoak jota eskutan hil zitzaionekoa. 

Bi omenduek, Alfredo Hoyuelosen zeremonia maisuaren esanetara, aurtengo gazta berria mozteaz arduratu ziren. Gaztaz aparte, esnea, babarrunak eta ardo botila bana jaso zuten ihabardarren esker onaren adierazle. 

Postre lehiaketa
Naiara Calderon Aiestaran artzainak emandako ardi esnearekin egindako postre lehiaketara hamaika  proposamen aurkeztu ziren. Miriam Erbitik, Aitor Sarriegik, Juanjo Gorrotxategik eta Javier Martiarenak osatu zuten postre lehiaketako epaimahaia. Gastronomia balioak (zaporea, kontrastea eta ñabardurak), bideragarritasuna, itxura eta originaltasuna izan zituzten kontuan postreak epaitzerakoan. Hamaika postreak dastatu ondoren epaimahaiak saria Naiara Arrizubietari ematea erabaki zuen. Bigarren urtez jarraian jantzi zuen txapela. Esne krema tarta aurkeztu zuen. Ondoren, kontzeju etxe azpiko aretoan 150 bat pertsona elkartu ziren bazkaltzera. Haren akaberan mahai jolasetan aritu ziren. 

Erlazionatuak