Astekaria

Ihabarrek Palestinari egun bat eskaini dio

Guaixe 2024ko ira. 23a, 11:19

Ihabarko plaza jendez beteta. ARTXIBOA

Herritarrek Palestinari elkartasuna adierazteko eguna antolatu dute larunbaterako. Gertatzen ari denarekin eta sufritzen ari direnarekin kezka dute ihebardarrek. Horregatik, ahal duten neurrian Palestinari laguntza eman nahi diote. 

Aurki, lastailaren 7an, Palestinan guztia lehertu zenetik urtea beteko da. "Guztiok gauden bezalaxe, Palestinako egoerarekin kezkatutako bizpahiru ihebardar kalean hizketan hasi eta haren alde zerbait egiteko gogoa piztu zitzaien. Sakanan halako ekintzak egin dira, baina gurean ez. Duela ez asko, udan bildu ziren, herriko Whatsapp taldearen bidez ideia eta bilera deia zabaldu zuten", azaldu du egunaren antolaketan dabilenetako batek, Izaskun Mugika Mugikak. Deialdiari ihebardar gehiagok erantzun zioten eta, denen artean, hasi ziren Palestinarekin elkartasun eguna antolatzen. Bilerak egin eta Yala Nafarroa Palestinarekin taldearekin harremanetan jarri ziren, zeuden aukerak jakin eta zer egin zitekeen aztertzeko. Eta, horrela, aurrera egin duten antolakuntzan. 

Antolakuntzan kuadrillatxo bat baldin badago ere, "Ihabarren oso ohituta gaude elkarrekin lan egiten. Bileretara jende bat joaten da, baina gero jende gehiago batzen da, edo antolakuntzako beste gauza bat egiten du. Orohar, parte hartzea handia izaten da". Hala ari da izaten elkartasun egun horren antolaketa. 
  
Mugikak gaineratu duenez, "hara bidal dezakegun diruaz eta laguntzaz aparte, garrantzitsua da gure txikiek kontzientzia hartzea: munduaren alde honetan modu batean bizi gara, baina, zoritxarrez, leku guztietan ez direla berdin bizi, munduan gertatzen diren gatazkengatik eta abar". Egunaren helburuetako bat hori dela nabarmendu du ihebardarrak. 

Aurreratu
Pasa zen igandean abiarazi zuten egitaraua. Ihebardarrek osatutako produktuekin zarea zozketatzeko asmoa zuten. Horretarako puska biltzea egin zuten. "Oso arrakastatsua izan zen, eta hiru zareren zozketako txartelak saltzen ari gara. Astean zehar saldu dira. Bakarren batek txartelak erosi nahi baditu herrian salgai daude, edo ihebardarrei eska diezaioke. Eta larunbat eguerdian ere eskuratzeko aukera izanen da". 

Txapak egiteko tailerra ere egin zuten larunbatean. "Hasieran haiek saltzeko asmoa genuen. Azkenean, haurrei zuzendutako tailerra izan zen, kontzientzia pixka bat hartzeko-edo. Egia esan, haurrek, gaur egun eskolan eta hainbat tokitan entzun dituzte gauzak gatazka horren inguruan, eta informatuta daude. Aukera izan genuen azaltzeko herrian Palestinaren alde zerbait eginen genuela". Haurrek beraien eurotxoa ordaindu zuten txapak eskuratzeagatik. Igandekoa palestinar dantza baten entseguarekin despeditu zen. Izan ere, dantza hori elkartasun eguneko edukietako bat izanen da. 

Elkartasun eguneko egitaraua Yala Nafarroa Palestinarekin taldeko kideen hitzaldia zabalduko du, 11:00etan. Aldi berean, haurrendako tailerra izanen da. Ondoren, 13:00etan, pintxo-potea izanen da. Bazkaltzera 14:30ean eseriko dira. Ondoren etorriko dira manifestuaren irakurketa, Ihabarko fanfarrearen emanaldia, zozketa eta Palestinar dantza. Egitarautik kanpo festa giroak segida izanen du. 

Elkartasun egunean bildutako dirua Yala Nafarroa Palestinarekin taldeari emanen diote ihebardarrek. Bitartean, batzuk dantza entseatzen edo bideoari begira dantza pausoak ikasten ari dira Ihabarren. Mugikak "eguna ospatzera, Ihabarren gurekin egotera eta ahal den neurrian laguntzera" gonbidatu du jendea.