Ihabarrek Palestinarekiko elkartasun eguna hartu zuen larunbatean. Yala Nafarroa Palestinarekin taldeko kideek Palestinaren egoeraren gordina eta larria azaldu zieten iheberdarrei hitzaldi batean. Bitartean haurrendako tailerra izan zen. Bata eta bestea bukatuta, bilkura egin zuten, genozidioa gelditzeko eskatuz eta Palestina libre izatea aldarrikatuz. Horretarako, haurrek egindako irudiak ere erabili zituzten.
Iheberdarrek etxetik eramandako pintxoekin pintxo potea egin zuten. Bazkariko menua osatzeko osagaiak ere herritarrek emandakoak izan ziren. Mahaiaren bueltan bazkaltzera 70 iheberdar elkartu ziren. Bazkaldu ondoren, herritarrek emandako produktuz osatutako hiru zareren zozketa egin zen. Guztira, iheberdarrek Palestinaren aldeko 1.500 euro jaso zituzten. Yalako kideek emandako aukeren artean herritarrek dirua ospitale batera bideratzea erabaki zuten. Palestinar dantza, azkenean, ez zuten dantzatu, baina Ihabarko fanfarreak girotu zuen arratsa.