Kontzejuak ur sareko ihesak begiz jota ditu

Guaixe 2025ko ots. 10a, 09:00

Bi neskato Ihabarko iturri ondoan. ARTXIBOA

Lan horiek egiteko dirulaguntza lortu nahiko luke.

Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegituren Planeko dirulaguntza deialdia eginen du aurten. Ihabarko Kontzejuaren nahia litzateke ur sarean dauden ihesak konpontzea, eta bide batez, kaleetako zorua. Horretarako, eskaera aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Samuel Arraras Irañeta kontzeju buruak. Bitartean, herrian dauden lanak udalak kontratatzen dituen langileek edo auzolanez egiten dituzte. “Urtean hiru auzolan egin behar dira, baina batzuek, borondatez, gehiago egiten dituzte, eta eskertzekoa da. Herritarrak gauzak egitera” animatu ditu Arrarasek. Gaineratu duenez, “auzolanean ezin ditugunak egin udal langileek egiten dituzte, esaterako, garbiketa, sasi garbiketa eta beste”.