Gazta berria moztu du Ezkurdiak

Guaixe 2025ko mai. 19a, 12:30

Joseba Ezkurdia gazta berria moztu berritan.

Laugarrenez hartu zuen Ihabarrek Gazta Eguna. Arbeltz gaztandegiak eta iheberdarrek antolatutako ospakizunak. 

Ardi esnez egindako postreen lehiaketara hamasei gozo aurkeztu ziren. Haiek dastatzeko eta iritzia emateko epaimahaia Igantzi Jauregik, Joseba Ollok, Eugenia Artxemenkak eta Javier Martirenak osatu zuten. Epaileak postreak dastatzen ari ziren bitartean El Gran Richardson kantariak doinua jarri zion goizari, eta horretarako lagun izan zituen kantatzera animatu ziren zenbait iheberdar. 

Epaimahaiak bere lana despeditu ondoren, Alfredo Hoyuelos eta Pruden Irurtzun zeremonia maisuek omenaldia gidatu zuten. Oroitarazi zuten lehen sektorean aritutakoak omentzea dutela helburu urtero. Aurten Mattin Ezkurdia omendu zuten. Aurkezleek nabarmendu zutenez, “Mattinek Irañetan zuen larratzen bere azienda. Auritz arrazako behor, zaldi eta pottoak. Arraza hori jarraitzeko gogor eta kemenez lan egin zuen”, aitortu zuten. Bere sendiari aurreskua dantzatu zioten eta behor baten burua taila bat eta beste opari batzuk jaso zituzten. 

Omenaldiaren ondoren, Joseba Ezkurdia semea oholtzara igo eta aurtengo gazta berria moztu zuen. Joseba Ezkurdia aitari egindako omenaldiagatik eta gazta berria mozteko berarekin gogoratzeagatik eskerrak eman zituen. Horren segida eman zion postre lehiaketaren sari banaketari. Lehen saria Iker Alegre Santanderrek jaso zuen. Bigarrena, berriz, Irantzu Eskudero Jakarendako izan zen. Musikariak eguerdia girotzen segitu zuen. Bazkaltzera 120 pertsona elkartu ziren. Eta egitarauak segida izan zuen, gauera arte.  

Gaztandegiko jabeek egindako harrera eskertu nahi izan zieten iheberdarrei. Eta horrela sortu zen ospakizuna. Baina ospakizunak, aldi berean, lehen sektoreari bulkada emateko eta ekoizten dituen produktuei duten garrantzia aitortu nahi die. Aurreneko edizioan postre lehiaketa, gazta mozketa eta arkume bazkaria izan zena urtetik urtera hazten ari da, eta aurten egun guztiko egitaraua prestatu dute.