"Oso zaila da zuzenean gazta guztia saltzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko maiatzaren 28a

Pablo Urrizelki Martinez, atzean elkartea duela.

Ihabarren IV. Gazta Eguna ospatu zen maiatzaren 17an. Arbeltz gaztandegiak eta iheberdarrek antolatu zuten ospakizuna, tartean zen Pablo Urrizelki Martinez artzaina.

Gaztari eskainitako egun osoa hartu zuen Ihabarrek larunbatean. Eguraldia lagun, iheberdarrak eta hainbat sakandar elkartu ziren eguerdian plazan. Gure Kabiya elkartearekin batera ospakizunaren erdigunea izan ziren. Eguerdiko animazioa ordu txikiak arte iraun zuen.

Zergatik Gazta Eguna? 
Gu Ihabarrera etorri ginenean esku zabalik hartu gintuzten. Beraz, pentsatu genuen herriari zerbait zor geniola, eta festa baten bitartez egitea erabaki genuen. Arkumeak gorde eta bazkari bat antolatu genuen. Goizean ardi esnez egindako postre lehiaketa eta gazta mozketa ere bai. Eta urtetik urtera egitaraua hobetzen joan da. Aurten egitarau erabat betea izan dugu. Baina ideia da, batetik, gu artzain gisa, festa horren bidez herriari esker ona ematea. Eta, bestetik, ibarrean aurreneko sektorea bulkatzea eta haren produktuei garrantzia ematea.  

Gaztandegiarekin eta artaldearekin nahikoa lan ez, eta festa antolatu?
Antolatu, herri guztiak egin du. Guk bere garaian ideia eman genuen. Orain generoa eta ahal dugun ekarpena egiten dugu, baina ospakizun horren atzean herritar guztiak edo gehienak daude. Egitarau betea eta plaza bete egin zen. Eguraldia ere alde izan genuen, beraz, ez daukagu kexa handirik.

Andia eta Aralar. Nora jotzen duzue artaldearekin?
Andira. Ihabarrera etorri ginenetik Andira igotzen ditugu. Aurten maiatza etorri orduko ardi batzuk gora igo genituen. Jaisten ez ditugunak goian daude eta jaisten ditugun ardiak behean ditugu. Momentuz, lanari eutsi beharko diogu eta jaisten jarraituko ditugu.

"Jaisten ez ditugunak goian daude eta jaisten ditugun ardiak behean ditugu"

Esnea zertarako erabiltzen duzue?
Jaisten dugun esnearekin gazta egiten dugu, hona etorrita ireki genuen Arbeltz gaztandegian. Naiarak (Calderon, bikotekidea) aukeratu zuen Gazta Egunean moztu zen gazta. Moztu ahala herriari eta hurbildu den jende guztiari probatzeko aukera eman genion.

Gaztaz aparte, esnea eskatzen dizuete?
Bere garaian bagenekien jendea esne bila etorriko zela, eta hala da, urte guztian zehar jendea esne bila etortzen da gaztandegira. Bai herrikoak bai inguruko herrietakoak ere. Postretarako mamia egiteko afizioa dago. Eta aurreneko urtean pentsatu genuen: hainbeste jende dator esne bila, postre lehiaketa antolatu beharko dugu. Horrela izan zen.

Gazta egiteaz aparte, beste zerbait egiten duzue?
Ez. Iheberdarrek esnea eskatu eta, beraiek beraien kabuz, gazta-zaharra egin zuten joan zen urtean. Guk gazta txuria egiten dugu, betikoa. Kameran ontzen da eta bi gazta mota ditugu, zaharxeagoa edo berriagoa. Hori da gure produkzioa, momentuz.

"Orain belar ugari dago eta kanpoan larratzeko soberan daukagu"

Non saltzen duzue egiten dituzuen gaztak?
Denetarik egin beharra dago. Oso zaila da gaztandegia ireki eta zuzenean dena saltzea. Familiartekoen bitartez Lizarran gazta uzten dugu, Iruñera ere gure gazta heltzen da. Eta Artzain Gaztaren bitartez eta beste laguntzen bitartez urte bukaerarako pitteka-pitteka egindako gazta saltzen dugu.

Ardi guztiak, pitteka, gora igoko dituzue?
Bai. Lehorteagatik igo gabe gelditu ginen urte bat izan zen. Aurretik artalde guztia lehenago igotzen genuen eta urteak pasa ahala, guztiak ez badira ere, batzuk behean geratzen dira. Ikusiko dugu aurtengo udaberria eta uda nola etortzen diren. Azken urteak ikusita, batera edo bestera jo dezake, eurira edo lehortera. Orain belar ugari dago eta kanpoan larratzeko soberan daukagu. Hemendik hilabete edo aste batzuk barru ikusiko dugu nola dagoen. Ea zer datorren.