Astekaria

Lagunartean disfrutatzeko

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 28a, 12:27

Txep taldea 2024ko Ihabarko festetan. utzitakoa

Duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen, Ihabarren, Txep taldea eta geldialdi eta itzulera pare bat ondoren, duela bi urte inguru bueltatu zen. Entseatzen "disfrutatzen" dute eta zuzenekoetan islatzen da. 

Txep taldearekin "txikitan" hasi zirela esan du Oskar Garzia ihabarrak. Denboran atzera egin behar du Arakilgo taldearen sorrerari buruz hitz egiteko: "Orain dela 25 urte gutxi gora behera hasi ginen". Garai horretan kontzertu batzuk jo zituzten, eta "luzarorako" utzi zuten. 2012an edo 2013an eszenatokietara itzuli ziren, "eta beste hiruzpalau edo bost urte, gutxi gora behera, egon ginen". Berriz utzi zuten. Duela pare bat urte "berriz" bertsioak jotzen hasi dira. Martxoaren 23an Irurtzunen jo zuten, Iratxo elkartearen egunaren harira, eta kontzertuaren aurretik, "jendea animatzen dugu gurekin momentu on bat pasatzera". Taldekideen helburua jotzen disfrutatzea eta jendea haiekin ere ondo pasatzea da. 

Etapa berri honetan lau musikarik osatzen dute Txep; "betidanik hiru izan gara: Hektor gitarra jolea, Igor bateria jolea eta ni, Oskar, baxujolea. Kantatzen tartekatzen ibiltzen gara. Azken etapa honetan Aitor gitarra jole irintarra sartu da". 

Itzulera
"Asko gustatzen zaigu. Gehienbat elkartzea, entseatzea eta garagardo pare bat hartzea". Musika egiten disfrutatzeko elkartu da berriz Arakilgo taldea: "Ostiralero elkartzen gara eta presiorik gabe jotzen dugu; entseguetan gozatzen dugu eta gustura egoten gara, kontzertuak eta emanaldiak kontuan izan gabe". Lasai itzuli dira, "gure rollora". Etapa honetan lasaiago entseatzen dutela eta gozatzen dutela esan du Garziak. "Kontzertuak egin ditugu, baina presio gutxiagorekin. Ondo pasatzeagatik". Azken kontzertua Ihabarko Gazte Egunean eman zuten, maiatzaren 17an, eta gaur beste emanaldi bat dute Irurtzunen; "kontzertu batzuk ateratzen ari dira". 

Orain "kalitate gehiago" dagoela esan du baxu joleak: "Hektorrek musika ikasi du, baina Igorrek eta biok solfeo pixka bat egin dugu, baina autodidaktak gara. Orduan, beste gitarra bat sartu denez eta presiorik gabe entseatzen dugunez, gusturago gaude, lasaiago, eta konfiantza gehiagorekin jotzen dugu". Taldean indartsuago eta engranatuago sentitzen direla gaineratu du Garziak. "Insistituko dut: presiorik gabe eta lasaiago egiten ditugu kontzertuak, eta esaten diguten bezala, hobe entzuten da; giroa sortzen saiatzen gara".  

Mitikoak
Txep taldeak bertsioak jotzen ditu, eta errepertorioaren barruan La Polla Records, Metallica, Su Ta Gar, Lehendakaris Muertos, Gatibu eta abarren abestiak daude. "Gustatzen zaizkigun abestiak egiten ditugu. Punk rock eta euskal musika jotzen dugu, pixka bat nahastuta. Betidanik entzun izan dugun musika da, gaur egun agian zaharkitua dagoela esan daitekeena; baina betiko bertsioak dira". Garziak azaldu duenez, "flipantea" da belaunaldi desberdinetako jendeak ezagutzen dituelako abestiak: "Su Ta Garren abesti batek agian 20 urte ditu eta jende guztiak, gure adinekoak, helduagoak eta gazteagoak ere ezagutzen ditu". Abesti mitikoak bihurtu dira. "Horrekin askoz errazagoa da plaza berotzea". Abesti propioak egiten dituzten taldeek "beste rollo" bat dutela esan du, "gu gara jendea unetxo bat disfrutatzeko talde bat". 

Bertsioak jotzen dituzten arren, taldearen sorreran abesti propioak sortu zituzten. "Lehenengo etapan abesti propio batzuk jotzen genituen, baina bigarren eta hirugarrenean denak bertsioak". Hala ere, "buruan" zerbait egitea dute: "Buruan dugu, baina momentuz ez dugu ezer pentsatu edo gauzatu". 

Zuzenekoak
Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, Txep taldea Arakil aldean ezaguna da. "Nik uste bakarrak garela; Arakil eta Irurtzun inguru honetan jotzen dugu gehienbat. Bigarren etapan Taxoaren jo izan genuen ere, Altsasun... Baina orain Arakil, Irurtzun... Etxean. Momentuz". Afari ona eta bi pote hartzeko badago "arazorik gabe" kontzertuak emateko prest daude, "hori da gure asmoa". 

Pretentsio handirik eta presiorik gabe etorkizunean "disfrutatzen jarraitzea" da taldekideen helburua: "Hirurak lagunak gara, kuadrillakoak, eta Aitor ez zen kuadrillakoa baina gurekin guztiz batu da. Lagunartean disfrutatzen eta jendeak ere disfrutatzen badu egiten dugunarekin, guretako nahikoa".  

Zuzeneko "potenteak" egiten dituztela esan du Garziak: "Gainera, azken aldian ari gara haurren, arratsaldeko, ordutegian jotzen eta 19:0etan jendea mugitzea gauerdian baina zailagoa da, baina nik uste dut gurekin jendea mugitzen dela". Jendea musika jarraituz "suabe" hasten dela, baina azkenean "mugitzen" hasten dela esan du musikariak. "Esango nuke gure kontzertuak ia dantzagarriak direla".