Aurten abuztuaren 22an eta 24an, ostirala eta igandea, izanen da
1. Noiztik parte hartzen duzue?
Jaione. 2008an izan zen lehenengo emanaldi txikia, oso-oso xumea, baina oso polita, eta ordutik parte hartzen dut.
Miren. 2009tik parte hartzen dut; lehenengoan ezin izan nuen parte hartu.
2. Zergatik parte hartzen duzue?
J. Urtero pentsatzen dut hurrengo urtean ez dudala parte hartuko, baina beste alde batetik pena ematen du. Sekulako giroa sortzen da eta antzerkiak herriari ematen diona oso-oso aberasgarria da eta, aldi berean, horretan parte hartzea ere aberasgarria da.
M. Gustatzen zait eta oso gustura nago; ongi pasatzen dut. Emanaldiaren eguna, aurretik sortzen den giroa, testua ikasteko presioa...
3. Nola sortu zen?
M. Jon Barbarin, zuzendaria, kontzejuan zegoen eta Correpueblos deitutako egitasmo bat zegoen herri txikietara antzerkiren edo ipuin kontalariren bat ekartzen zuena; Jon antzerkiaren munduan zegoenez antolatzeaz arduratu behar zen, baina pasatu zitzaion eta bere akatsa izan zenez jendea animatuko balitz zerbait prestatuko zuela esan zuen. Jendea animatu zen.
J. Buzoneatu zen, eta hogeiren bat animatu ginen.
4. Nolakoak dira entseguak?
M. Entseguak kaotikoak dira. Bat ez dagoela, bestea lehenago joan behar dela... Estresarekin, kaotikoak eta dibertigarriak.
J. Lanetik ateratzen zara eta entseguan burua beste leku batera eramaten duzu, eta primeran pasatzen duzu.
5. Zenbat entseatzen duzue?
M. Azkeneko hilabete hau topera. Hurrengo astean egun bat entseatuko dugu; gero urduritasuna hasten da eta azkeneko astean egunero.
J. Gauza da, sanfermin inguruan bilera bat egiten dugula eta mesedez antzerkia zein den eta paperak banatzeko eskatzen dugu, eta ez dugu nahi dugun bezain azkar lortzen. Hor daude ere atrezzoa eta ingenieroak deitzen ditugunak ere. Zuzendariak ideia bat esan, eta egiten dute.
M. Bakoitzak badu bere tokia; entseguetatik at jendea gauzak egiteko gelditzen da. Ez da bakarrik testua ikastea. Bi hilabete hauetan buruan antzerkia dugu.
6. Produkzio handiak egiten dituzue, ezta?
M. Hasierakoek testu gehiago zuten. Lehenago hasten ginen, eta atrezzoa ez zen horrenbeste. Herriko kokapen desberdinetan egiten genuen. Orain batzuk testua dute, beste batzuek koreografia... Jende asko gara. Egia da eszenatoki handiak muntatzen ditugula. Aurreko urtean Jaione tirolina batetik agertu zen.
J. Eskatzen duena egiten dugu; batzuetan esaten diogu ez flipatzeko, baina egiten dugu. Eta hilabete batean.
7. Gidoietan zeresana duzue?
J. Normalean dena egina ematen digu, baina batzuetan inprobisaziorako tokia uzten du. Den-dena ez dago lotuta.
M. Obra egingarria pentsatzen du. Ideiak eta ekarpenak emateko aukera dago.
8. Zein da egin duzuen lanik gogokoena?
M. Errazago daukat zein ez nukeen berriro egingo.
J. Denek daukate bere gauza. Batzuetan pertsonaia nagusia izan gara, beste batzuetan bat baino gehiago izan gara... Pertsonaia guztiak oso ongi egon dira.
9. Nolakoak dira emanaldiak? Urduri jartzen al zarete?
J. Sakanatik ere jendea dator. Ez dakit zenbat jende gerturatzen den, baina jendeari gustatzen zaio. Horrelako herri txiki bat, emanaldi bat egitea eta herrikoek parte hartzen dute; gustura egoten gara eta oso-oso ongi pasatzen dugu. Hori ikusten da. Urduri jartzen naiz, baina uste dut pixka bat beharrezkoa dela.
M. Aurpegi batzuk identifikatzen ditut, baina osotasunean ez. Baina jendea badator, eta noiz izanen den galdetzen hasi da. Atzean nagoenean esaten diot nire buruari: zertarako sartzen zara! Behin ateratzean pasatzen da.
10. Zer da gehien eta gutxien gsutatzen zaizuena?
J. Gehien, sortzen den konplizitatea.
M. Normalean harremantzen ez zaren jendearekin elkartzen zara, eta giro polita sortzen da. Gutxien ondoren emanaldien bideoak ikustea.
11. Aurten zer?
M. Badago jendea aurretik jakitea eta ikustea gustatzen zaiona, eta beste batzuk kalean entseatzen dugunean azkar pasatzen dira. Aurten abentura bat izanen da.
J. Bidaia abentura bat.