"Oso polita" dela esan du.
1. Noiztik ospatzen dira?
Nafarroako herri gehienetan bezala gerra zibilaren ondoren galdu eta Francoren garaian debekatu ziren. Dokumentazioaren arabera gerrara arte ospatu ziren. Aita 1925ean jaio zen eta oroitzen zen txikia zenean ospatzen zirela eta zer egiten zuten moxorroek.
2. Noiz berreskuratu ziren?
Gu hasi ginen. Jendeak ez zituen ezagutzen; 70 urte inguru zituztenek zerbait ezagutzen zuten, umetan bizi izan zituzten. 1985. urterako berreskuratu genituen. Oraindik ez ziren ia inon ospatzen. Hor ibili ginen kuadrillakook. Dokumentazioa eta liburuetan begiratzen egon nintzen.
3. Zeintzuk dira pertsonaiak?
Aitexarkok gaizkile bat errepresentatzen du, panpina da. Bere emaztea Landarra da eta besoetan ume bat darama, Ninia; egur zati bat hartzen da eta oihalen artean eramaten da. Moxorroek Aitexarko eramaten dute eta denetarik egiten diote, eta landarra atzetik joaten da negarrez eta oihuka. Noizbait ere Ninia botatzen dute. Herritik kalejira egiten dute eta bukatzean, plazan, Aitexarko erretzen da eta Ihabarko Ingurutxoa, jota eta porrusalda dantzatzen da. Beste pertsonaia bat gero eta indar gehiago hartu duena hartza da. Dokumentazioan batzuetan agertzen da eta beste batzuetan ez. Harekin aurrera egin genuen. Inauteriak zertan oinarritzen diren ez dakigu.

4. Janzkerak ere agertzen ziren?
Nola egin begiratzen hasi ginen. Garai batean etxetik aurkitzen zutena janzten zuten. Gauza gutxi zuten; zakuak, txanoa... Txuriz joaten ziren, txano zaharra zintekin edo gabe eta zintzarriak gerrian. Gerora etorri direnak moxorroen janzkera finkatu dute.
5. Zein da zure gogokoena?
Dena polita da. Arrakastarik edo beldur gehien ematen duena hartza da. Oso mimosoa da eta indar guztiarekin besarkatzen eta lurrera botatzen zaitu. Gustatzen zait Aitexarko erretzen denean denak inguruan dantzan daudenean. Gauza polita asko dago. Antzinako izpiritua mantendu egin da, ez da turistifikatu.
6. Bisitariak ongi etorriak dira?
Jendea etor daiteke, polita da. Baina lehengo izpiritua mantendu dugu eta ez dugu inor errespetatzen. Aitak kontatzen zigun jendea ez zela etxetik ateratzen. Behin harrapatu zuten eta askan sartu zuten. Moxorroek nahi zutena egiteko eskubidea zuten, eta horregatik debekatu ziren.
7. Bi egunetan ospatzen dira.
Orain larunbat goizean puska bilketa egiten da etxez etxe.Iluntzean moxorroek eta abarrek erronda egiten dute. Kalean harrapatzen duten edonoren atzetik joaten dira. Igandean errepresentazioa egiten da. Herritarrak mozorrotuta ateratzen dira, bestela badakizu zer dagoen. Mozorrotuta eere, kontuz, hartzaren besarkadak denontzat dira.
8. Nork parte har dezake?
Edonork. Herrikoak eta kanpokoak.
9. Mozorratzen zara?
Berreskuratu ondoren lau edo bost urte egon ginen. Gaztetxo kuadrilla polit bat zegoen eta erratza lapurtzen ziguten, jotzen ziguten ere. Pare bat urtez galdu egin zen eta ondoren kuadrilla hori ateratzen hasi zen. Haiek eraman dute aurrera. Egoeraren arabera mozorrotzen naiz edo ez.
10. Etorkizunik badu, ez?
Kuadrilla horri esker eta gerora etorri direnei esker. Gure atzetik ez zegoen gazterik eta horregatik nekatu ginenean utzi zen. Kuadrilla horri esker. Orain ume pila dago eta beraiek jarraituko dutela uste dut, bizi izan dutelako. Guk erein genuen; gauza asko berreskuratu genituen. Oso polita da; harro nago.
11. Anekdotarik?
Asteartea inauteri egunean ospatu genuen lehenengoa. Elkartean bildu ginen eta zarata egitera atera behar ginen. Lotsa ematen zigun. Bazkaldu, patxarana... Ez ginen ausartzen. JB botila hartu eta edan genuen. Etxe batean kristala apurtu genuen eta beste batean bi eskaileratatik erori ziren. Seigarrenean taldearen erdia geunden. Hori izan zen lehenengo eguna; berreskurapena.