Astekaria

"Lehen unetik irakurlea egoeran jarri nahi nuen"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko martxoaren 16a

Laura Mintegi 'Akabo' liburuaren Donostiko aurkezpenean. @TXALAPARTATIK

Laura Mitengik martxoaren 20an, ostirala, 'Akabo' liburuaren inguruko solasaldia egingo du, Ihabarko herriko etxean, Literatura Geraldiak programaren barruan.

Akabo irakurri dutenek "ziztu bizian" irakurri dutela esaten diotenean Laura Mintegiri, hori da nobela berriaz berari gehien gustatzen zaiona. Kapitulu laburrak eta egitura paraleloak ditu, "eta jakinminez geratzen direla eta kapitulu bat amaitu eta hurrengoan zer gertatzen den jakin nahi dutela" esan izan diote, baina zer gertatzen den jakiteko, aurretik beste kapitulu bat irakurri behar dute, eta egoera hori, Mintegiri, gustatzen zaio. Martxoaren 20an, ostirala, 18:00etan, Ihabarko herriko etxean izango da; Akabo liburuaren inguruko solasaldia egingo du, Sakanako Mankomuniteatearen Literatura Geraldiak programaren barruan. 

Izenburuak berak esanahi handia du, ezta? Lehen lerroetan ere liburuaren gordintasuna ikusten da. 

"Lehenengo eta behin nire ideiak argitzeko idazten dut; irakurlea gogoan dut"

Batzuetan gertatzen da idazten duzunean esaten duzula kolpetxo hau geroko gordeko dut. Eta ez nuen nahi horrela jokatu. Lehen momentutik irakurlea egoeran jarri nahi nuen. Hau da mamia; bide baten amaiera eta beste bide baten hasiera da. Jakinmina areagotzeak eragiten du; hau da, bikote baten ibilbidea amaitu da lehenengo kapituluan, batek bestea akatzen du, eta beste alde batetik hortik aurrerakoa ezustekoa da: orain zer? Akatu du bikotekidea eta orain zer gertatuko da? Egia esan, elementu horiekin norbaitek pentsa dezake genero nobela bat dela, hilketa bat dago... Nik hori bilatzen dut; lehenengo eta behin nik idazten dut nire ideiak argitzeko. Baina badut buruan gogoan irakurriko duenak momentu batean ere bere buruari galderak egitea: eta nik hau zer, hau nik nola. Nire ardura handiena hori da. Bestea da guztiari forma emateko modu bat. Irakurlea eskutik eramateko; nahi dut liburua amaitu arte bukatu, eta eskutik eroso eraman nahi dut. Gera dadila pentsatzen. 

Zein momentutan bilatzen zenuen irakurlea gelditzea? 
Batez ere gogoan nuen bi pertsonen artean proiektu bateratu bat dagoenean hasieran komunikazio bat dagoela, premiazkoa edo urgentziazkoa dela besteari adieraztea norberaren ardurak, keriak, filiak eta fobiak, eta aurrera joan ahala harreman hori nola uzten zaion elkarri esateari, elkar komunikatzeari; nola galtzen den interes hori. Nahi nuen neurri batean norberak bere buruari planteatzea zer puntutaraino dauka garrantzia elkar komunikatzeak erlazio batean eta kasu honetan bikote bat jarri dut, erlazio sentimentala, baina ez du zertan; izan daiteke lankideekin, proiektu artistiko, kultural edo politikoa bera partekatzen dutenekin. Zenbateraino eskaintzen diogun ondokoari gure dedikazioa, denbora, eta komunikatzeko eta entzuteko ahalegina. Batez ere entzuteko. Hori zen nire ardura. Nire konklusioa da nobelaren amaieran hiru edo lau urte pasatu eta gero, elkar komunikatzeari uko egiten diogunean nola edo hala ari garela hasierako proiektu partekatu hori traizionatzen. 

Komunikatzen ez denak ere garrantzia du, ezta? 
Bai. Horretan ere esfortzu txikia egin dut. Komunikazioa ez da bakarrik berbazkoa; gorputz komunikazioa, isiluneak, ausentziak... Modu askotara komunikatzen dugu. Gogoratzen naiz amonak irakatsi zidanean abaniko batekin nola ligatu. Abanikoa behar zuten familiaren aurrean mezuak bidaltzeko. Komunikazio kode bat zen; asko daude. Trafiko seinaleak kode bat dira, eta guztiok keinuak ditugu gauzak esateko: zoratuta zaude esateko, gose naiz, logure naiz... Eta eskerrak, ezagutzen ez dugun hizkuntzan mintzatzen diren tokietan salbatzen gaituztelako. 

Hizkuntza ere erdigunean jarri duzu.
Jarri nahi nuen nola batu egiten dituen bikotekide biak egoera linguistiko batek; hau da, biak dira elebidunak, biek ezagutzen dute zer den diglosia, hau da, hizkuntza nagusi bat, ingelera eta gaztelera, eta beraien ama hizkuntza, scottish eta euskara. Orduan, momentu batean biak naufrago sentitzen dira oso nagusi den hizkuntza arerio eta arrotz baten eremuan eta identifikatuta sentitzen dira. Zerbaitek batzen ditu; ulertzen dute oso sakonean zer den zure ez den eremu linguistiko batean bizitzea. Hori da abiapuntua. Baina gero hori da banandu egiten dituena. Batak ulertzen ez duenean bestearen atxikimendua hizkuntzarekiko... Irakurleari utziko diogu deskubritzen. 

Itxaropena edo etsipena erakusten du? 
Ez dut pentsatu. Momentu batzuk benetan tristeak dira; negargura eragiten zidaten eta ni neu hunkituta nengoen. Nahiko afektatuta egon naiz. Beste momentu batzuetan euforikoagoa da; bikote bat nola sortzen den, tximeletak sabelean... Ez dut ikusten ez itxaropena ez etsipena. Hausnartzeko gelditzea nahi dut, jakinmina izatea. Bakoitzak bere buruari galdetzea: nola bizi dut nik hau?

Nolakoa izango da solasaldia? 

"Oso urduri jartzen naiz, ez da urteekin pasatzen; aurpegiak ikusten ditudan arte"

Ilusio handia dut badakidalako herri txikia dela. Seguruenik ikasle gehiago ditut egunero klasean, han bilduko garenak baino. Hori gustatzen zait. Esan behar dut oso urduri jartzen naizela. Ez da urteekin pasatzen. Bertakoen aurpegiak ikusi arte. Aurpegiak ikusita konfiantza eta lasaitasuna hartzen dut. Jendearekin komunikatzen saiatzen naiz. Hasieran nabarituko dute urduri nagoela, eta esango dute: Baina emakume hau? Ezin dut ekidin. Gero zeharo gustura egongo naiz eta zeharo pozarren bueltatuko naiz etxera.