Ihabarko kanpo santuan kolunbarioak jarri ditu kontzejuak

Alfredo Alvaro Igoa

Kolunbarioak sarrerako atearen ondoan jarri dituzte.

Horrek hilerriaren erabilera arautzen zuen ordenantza berritzea ekarri du

Duela gutxira arte Ihabarko hilerrian lurrean edo nitxoetan hobiratzeko aukera besterik ez zegoen. Baina Ihabarko Kontzejuak hilerrian 40 kolunbario jarri ditu, eta orain, beraz, ihabartarrek hiru aukera dituzte hil ondorenerako. Herri lan horrek aukera gehiago ekarri dituenez, horiek jaso egin behar ziren hilerria arautzen duen ordenantzan, eta ehorzketak arautzen dituen araudia berritu du Ihabarko Kontzejuak. Kanpo santua behar bezala kudeatzeko ordenantzak sei kapitulu ditu. Hartan zehazten dira, besteak beste, hilobien, nitxoen eta kolunbarioen kontzesio epea eta baldintzak, ehorzketa eskubidearen akabera, hilobien mantentzea eta zainketa, hilobien erregistroa eta zergak.

Kontzejuko presidente Samuel Arraras Irañetak azaldu duenez, "hildakoaren errautsak gordetzeko, gero eta jende gehiagok eskatzen zuen hilerrian kolunbarioak jartzea. Gainera, gero eta gutxiago dira lurrean hobiratzen direnak", jakinarazi du Arrarasek.

Lurperatzea egin behar denean, duela hamar urtetik, enpresa bat arduratzen da hilkutxarendako zuloa egiteaz. Arrarasek azaldu duenez, aurretik iharbadarrak beraiek arduratzen ziren egiteko horretaz: "ardura etxez etxe pasatzen zen".

Auzolana aipatuta, Arrarasek jakinarazi duenez, etxeko urtero hiru auzolan egin behar dira Ihabarren. Badira herritar batzuk auzolanen truke garbiketa lan batzuk bere gain hartzen dituztenak, esaterako, parkea, plaza edo hilerriarena.

Egitasmoa 
Ihabarko Kontzejua gaztainondoak berreskuratzeko proiektuan buru-belarri sartuta dago. Kontzejuko presidenteak jakinarazi duenez, "aurten hogei bat gaztainondo landatu ditugu. Landaketa hori aurreko urteetan landatutakoak ordezkatzeko izan da, haiek lehortuta baitzeuden. Negura begira, gaztainaditik sasiak kenduko ditugu", jakinarazi du Arrarasek.

Bestetik, Ihabarko Kontzejuak San Joan eta Doneztebe kaleetako sareak berritu nahi lituzke. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planerako proposamena aurkeztu zuen, baina foru administrazioak lana erreserban utzi zuen. Bitartean sarean zeuden ur ihesak konpondu ditu Ihabarko Kontzejuak, baina beste batzuk gelditzen dira.