Urriaren 1ean inaugurazio festa egin zuten.
1. Noiz sortu zen Euskalerria Irratia? Zergatik?
1988ko azaroaren 7an sortu zen, duela 37 urte; aurten 38. ikasturtea abiatuko dugu. Behar batetik sortu zen: euskaraz informazioa uhinen bidez plazaratzea, Iruñea eta Iruñerrian euskaraz gertuko informazioa helarazi.
2. Eta nolakoa izan zen hasiera?
Ni ez nengoen, besteak beste, irratiak nire adina duelako, baina urte luzez Mikel Bujanda zuzendari izan da, eta haren bidez eta orduan osatzen zuten lantaldearen bidez abiatu zuten irratia eta hasieratik modu legal batean aritzeko burokrazia abiarazi zuten, irrati uhinen zabalkundea izateko lizentzia eskatu zuten, baina ez zela iristen ikusirik agintariei galdetu zien ea hasterik zuten eta mehatxurik gabe abiarazi ote ahal zuten. Baiezkoa jaso zuten. Askotan esaten diot Mikel Bujandari eskerrak abiarazi zutela, 25 urtez egon zen irratia modu alegal batean.
3. Nola garatu da? Zein izan da ibilbidea?
Hemen gakoa da ilusio handiarekin hasi zela lantalde bat irrati bat euskaraz egin nahian, herritarren babesa izan zuela, eta horrekin ahal izan duela aurrera egin. Kolaboratzaile, jende asko, etorri delako musutruk haien egitekoa eta esperientziak kontatzera. Publizitatea jarri duen jendea ere, saltoki eta komertzio asko izan direlako, eta bazkide askok ere aportazio ekonomikoa egin dutelako. Bestela, lizentziarik gabe egoteak esan nahi zuen babes ekonomikorik ez duzula, babes instituzionalik ezta, eta oso zaila dela aurrea egitea. Euskalerria irratiak babes handia izan du jendearengan.
4. Familia bat osatu du, ezta?
Bai, hori ezaugarri berezi, nagusi eta garrantzitsuenetariko bat da. Beti izan dugula nahiz eta ofizialki modu alegal batean egon, babes, kariño eta aupada hori. Jendeak bazekiela zer ginen eta zertarako sortuak ginen, eta jendeak ere ikusi du beharrezkoa duela gertuko informazioa euskaraz, bere hizkuntzan, jasotzeko aukera.
5. Noiz hasi zinen?
Kazetaritza ikasketak bukatu eta jarraian hasi nintzen amatasun baja bat kubritzera. Ordutik, 15 urte pasa dira. Beraz, ibilbide oparoa izan dut eta egia da fase desberdinak bizi izan ditudala. Aro zailagoak, eta gero ikusi dut nola bideratzen zen prozesu legala eta orain emango dugun fase berri hau, hemen nagoela.
6. Kazetaritzaren mundua ere aldatu da.
Irratiaren etorkizuna asko aldatzen ari da. Urte gutxian aldaketa handiak txertatu dira. Hasieran, ni sartu nintzenean, irratia purua ginen, bakarrik uhinen bidez transmititzen zen. Baina gaur egun irratia izateaz gain, oinarria izanda ere, sare sozialak ditugu, webgunea, podcastak... Egokitu behar izan dugu aurrera begira irratia hil ez zedin eta garai horretan bakarrik ez geratzeko. Hori ere bagara, baina aurrera egiten jakin dugu.
7. Gogoratzen duzun unetxo politen bat?
Gauza positiboen artean jendearen babes hori izatea. Beti sentitu dugula jendea gertu. Momentu berezi bat, oso berezia, izan zen lizentzia eman ziguten egun hori. 2015eko abuztua zen eta abuztuan lankide gutxi gelditzen gara lanean, eta ni nengoen bakarrik albistegietan eta gogoratzen naiz nola deitu ziguten 1987an banatu gabe gelditu zen lizentzia hori guri zegokigula esateko. Goiz hura eromena izan zen ez genuelako lortzen Mikel Bujandarekin kontaktu egitea... Momentu polita izan zen jendearen erreakzioak hartzea tokatu zitzaigulako, politikariena, jendearena... eta jendeak albistea pozarekin hartu zuen.
8. Eta momentu ez hain on bat?
Oso gogorrak izan ziren hasiera garaiak. Nahiz eta ni hemen ez egon bai sentitu dut langileen artean sentimendu hori. Kobratu gabeko hilabete asko, soldata ez oso duinak, plurilana egin behar izatea... Lan baldintzak nahiko onak ziren, soldata zen zalantza gehien eman diguna, hain zuzen ere alegalitate horretan ez zegoelako aukera diru bilketa egiteko.
9. Egoitza berria, garai berriak. Zer moduz?
Itxaropentsua da garai berri hau. Herrigunera etorri gara, euskara ere erdigunean jartzera. Iruñean osatzen ari da erdigune honetan giro euskaldun eta euskaltzalea, hemen ondoan ditugu Berria egunkariko lankideak, eta proiektu gehiago sortzen ari dira hemen. Egoitza handiago batera gatoz, proiektu zabalagoa eman nahian, eta komunitate osoarekin partekatzeko. Guretako une berezia da eta komunitatearekin ospatu nahi izan dugu. Horregatik inaugurazio festa egin dugu.
10. Aldaketa asko nabaritu duzue?
Batez ere albistegietan gabiltzan lankideok erdigunean sortzen direlako agerraldi eta prentsaurreko gehienak, mugimendu soziala ere elkartzen da hemen, mobilizazioak eta protestak ere Alde Zaharrean izaten dira... Lana arinagoa egiten zaigu. Gonbidatuak Alde Zaharrera etortzeko ere hobe da. Asko irabazi dugula iruditzen zait.
11. Zer dauka irratiak?
Hasieratik iruditzen zait xarma berezia duen komunikabidea dela, bakarrik entzun egiten zitauzte; lehen gertatzen zen hori, orain ere ikusi egin daiteke. Azkartasunagatik, gertutasunagatik... Ez daukazu behar horretara bakarrik egon, konpainia ematen dizu eta aldi berean informazioa.
Ver esta publicación en Instagram