Bertsolaritza sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Mankomunitateak eta bertsozale elkarteak

Guaixe 2007ko irailaren 13a

HitzarmenaBi erakundeek sinatu duten lankidetza hitzarmenak atzeraeraginezko izaera du, eta aurten eta hurrengo urtean izanen da indarrean. Hitzartutakoaren arabera, Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Bertsozale Elkarteak ibarrean bertsolaritza sustatzeko burutzen dituen jarduerak lagunduko ditu. Hala, elkartearen finantzaketa gastuei aurre egiteko bertsozale elkarteak aurten 5.000 euro jasoko ditu. Heldu den urteko kopurua, egitasmoen arabera, bi erakundeen artean adostuko da. Horrekin batera, mankomunitateko www.sakana-mank.com web orrian bertsozale elkarteak ibarrean egiten duen guztiaren berri eguneratua izanen da. Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkarteak honako konpromisoak hartuko ditu: Bertsolaritza eskolan egitasmoa garatzea; Joxe Iriarte bertso-paper lehiaketako antolaketan parte hartzea; herriz herri bertso-eskolak sustatzea eta ikasturte akaberako jaialdia antolatzea bertso eskolako kideekin eta Bertsolaritza eskolan egitasmoko kideekin. Horrekin batera, elkarteak Sakanan antolatzen dituen jaialdi guztietan eta publizitate guztian Sakanako Mankomunitatea babesle gisa agertuko da.