Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean, ekainaren 28an, Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herrien Arteko V. Xiba Euskal Jokoen final handia jokatuko da Zuberoako Idauze Mendin. Iaz bezala, aurten ere Xiba lehiaketa Euskal Herria Zuzenean Festibalaren barruan kokatu da, eta horrek giroa guztiz berotuko du, ongi pasatzeko aukera izanen baita. Herrialdeka jokatutako kanporaketetan sailkatutako taldeek jokatuko dute larunbateko finala, hurrengo taldeak, hain zuzen: Larrañe (Zuberoa); Baigorri, Arrosa, Amikuze, Leitza, Hiruherri eta Irañeta (Nafarroa); Angelu, Urruña eta Miarritze (Lapurdi); Asteasu, Zizurkil, Idiazabal eta Ibarra (Gipuzkoa); Galdakao, Areatza, Etxemaritxu, Markina, Berriz eta Etxebarria (Bizkaia); eta Aiaratarrak, Eskua, Zizkiñalariak eta Putxurri (Araba). Jakina denez, talde bakoitzak 12 partaide izango ditu, 6 neska eta 6 mutil, eta ondoko probak osatu beharko dituzte: xiba (ziba edo "peonza" gazteleraz), harri jasotzea, dantza, lastoa, ingudea, koxkolak, txingak, birlak, zakua, trontza, toka, sokatira, zaku saltoka, giza proba eta musa eta egur pila jolasak. Asteburu honetan Idauze-Mendik Euskal Herria Zuzenean festibala hartuko du, eta giro paregabe horretan jokatuko dira Xibako finalak. Finala 10:30ean hasiko da, eta ondoren partehartzaile guztiek bazkari eta giro paregabeaz gozatzeko aukera izanen dute. Gainera, finaleko kide guztiei Euskal Herria Zuzenean jaialdirako sarrerak luzatu dizkiete, beraz giroa aparta izanen da. Gogoratu iaz Irañeta hirugarrena sailkatu zen Xibako final handian. Ea aurten nola ibiltzen diren.