Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herrien Arteko V. XIBA Euskal Jokoen final handia hartu zuen Zuberoako Idauze Mendik. Finalak jai giro ederra izan zuen, asteburu horretan Euskal Herria Zuzenean Festibala ospatzen baitzen Idauze Mendin. Aurretik herrialdeka jokatutako kanporaketetan sailkatutako taldeek jokatu zuten larunbateko finala: Larrañe (Zuberoa); Baigorri, Arrosa, Amikuze, Leitza, Hiruherri eta Irañeta (Nafarroa); Angelu, Urruña eta Miarritze (Lapurdi); Asteasu, Zizurkil, Idiazabal eta Ibarra (Gipuzkoa); Galdakao, Areatza, Etxemaritxu, Markina, Berriz eta Etxebarria (Bizkaia); eta Aiaratarrak, Eskua, Zizkiñalariak eta Putxurri (Araba). Primerako giroan, 6 neska eta 6 mutilez osatutako taldeek ondoko probak osatu behar izan zituzten: xiba (ziba edo "peonza" gazteleraz), harri jasotzea, dantza, lastoa, ingudea, koxkolak, txingak, birlak, zakua, trontza, toka, sokatira, zaku saltoka, giza proba eta musa eta egur pila jolasak. Barre algarak, giro ederra eta lehia sanoa izan ziren nagusi. Bizkaiko Areatza izan zen txapelduna, eta hurrenez, hurren, Ibarra eta Asteasu sailkatu ziren ondoren. Irañeta 11.a izan zen. Bukaeran bazkari ederra eta paregabeko giroa ez ziren falta izan.