Zizak, jendea, euria eta landareak

Guaixe 2008ko azaroaren 4a

Irañetako Euskara Kultur Taldeak bi urtetik behin antolatzen duen mikologia eta landare erakusketak jende ugari erakarri zuen igandean, jotzen zuen haizeak eta euriak gehiegi lagundu ez bazuen ere. Irañetako pilotalekuan jarritako mahaietan makina bat landare eta ziza izan ziren ikusgai. Aurtengoa ez da ziza urtea izan, hala ere, irintarrak moldatu ziren erakusketa duin bat prestatzeko. Hori bai, egin asmo zuten ziza dastaketa asmo hutsean gelditu zen, horrenbesterako zizarik ez zegoelako. Zortzi bat irintarrek basorako bidea hartu zuten larunbat goizean. Harizti, pinudi, pagadi eta larreak ibili zituzten ziza eta landare bila. Arratsaldean haiek sailkatzen Chema Ausin eta Jose Ramon Beloki mikologoen laguntza izan zuten. Baita Etxarriko Landare taldeko boskote batena ere.