Ihote goiztiarrenak

Guaixe 2009ko otsailaren 6a

Santa Agedatik gertuen dagoen igandean ospatzen zituzten garai batean irintarrek ihoteak. Ospakizuna larunbatera aldatu zutenetik badira zazpi urte eta, dagoeneko, bihar inauteria ospatzeko guztia prest dute. Ospakizun horretan ohi dutenez, ardi tripotxak gosaltzera bilduko dira eta ondoren Aitxon Zarkoa prestatuko dute, ihoteko protagonista. Txuriz jantzita, bizkarrean zintak dituen atorrarekin, gerriko gorria eta txanoa, hala jantzita eguerdian kalejira eginen du ihote segizioak, eta ezkongabe diren emakumeen etxeetan zintadu ezpel adartxoak zintzilikatuko dituzte. Buelta egin ondoren, elkartean ardia bazkaltzera bilduko dira. Mahaitik jaikitzerako eguna iluntzen hasia egonen da. Ihote segizioa, Atxon Zarkoa buru dutela, herrian barna kalejira eginen dute musika eta Uharte Arakilgo zanpantzarra lagun dutela. Ibilbidearen bukaeran Atxon Zarkoak ezin izanen dio bere patuari ihes egin eta sutan bukatuko du. Ihotea mahaiaren inguruan despedituko dute irintarrek.