Errege kopa Irañetara

Guaixe 2009ko irailaren 14a

Nafarroako Txakur-Elkarteak igandean Burlatan Nazioarteko XVIII. Erakustaldia antolatu zuen eta bertan 600 txakurrek baino gehiagok parte hartu zuten. Edertasun lehiaketa horretara aurkeztutako txakur guztien artean ederrena Irañetakoa izan zen: Chelines Formula express, zilar eta beltz koloreko miniaturako schnauzer txakurra. Bere aitak duela bi urte sari bera lortu zuen. Alberto Velasco txakur hazlearen esku onaren beste fruitu bat izan da asteburukoa. Sari nagusia eskuratzearekin batera, hara eraman zituen gainontzeko animaliak zegozkien arrazetan animali onenaren saria ere jaso zuten. Velascok esan digunez sari horiek haztegiari "ospea" ematen diote. Lehendik ere Velascoren haztegiak "itzala" irabazia du, eta horren adierazle da Irañetara bere txakurrekin estaltzera Europa eta Ameriketako bazter guztietatik etortzen diren animalia guztiak. Velascok berak aitortu digunez, "dirurik ez du ematen, baina zaletasuna ogibide bihurtu dut". Orain arte lortutako ospea handitzeko aukera izanen du Eslovakiako hiriburuan, Bratislavan, jokatuko den munduko erakusketan. 20.000 txakurretik gora parte hartuko dute. Iaz Poloniatik arrazako 4 sari onenak ekarri zituen. Igandean, bestalde, Burlatan Alejandro Ibarra lakuntzarra izan zen txakurren trebatzeari buruzko erakustaldi bat eskaintzen.