Udaberrian udaletxe berria

Guaixe 2010eko azaroaren 18a

Berriki hasi dira Irañetako udaletxe zaharra berritzeko lanak. Cristina Irigarai Beraza alkateak esan digunez lanak apiril-maiatz aldera despedituko dira. Orduan irintarrek udaletxe berria mustuko dute. XX. mende hasierako eraikina da langileak berritzen hasi direnak, eta bere garaian ere herriaren etxea izan zena. Eraberritze lanen ondoren honako banaketa izanen du: beheko solairuan, biltegia eta komunak; lehen solairuan, udal bulegoak, batzar gela eta gainontzekoak eta, bigarren solairuan, erabilera anitzeko gela prestatuko da, erakusketa, emanaldi eta bestelakoak hartzeko. Igogailua ere jarriko da. Diru iturriakLanak finantzatzeko Irañetako Udalak hiru bide lortu ditu. Beheko solairua egokitzeko estatuko funtsetik jasotako 17.405 euroak bideratuko ditu udalak. Lan hori abendurako despedituta egon beharko du. Lehen solairuko lanak Irañetako Udalak ordainduko ditu. Toki Administrazio Departamentuaren Lau Urteko Planaren bidez ez baitzion laguntzarik onartu. Azkenik, bigarren solairua Cederna-Garalurren diru-laguntza batekin  (60.000 euro inguru) egokitu ahal izanen da. Urte hasieran Irañetako Udalak lanetarako 400.000 euroko aurrekontua zirriborratu zuen.