Aisialdi proiektua gero eta onduago

Guaixe 2011ko uzt. 8a, 17:27

Udaberrirako ikastetxeen bisitak hartzea espero du udalak.

Irañetako Udalak Basabeko borda erdigune duen aisialdi proiektua aurrera eramaten ari da. Udalak naturaren behatoki modura prestatu nahi du inguru hori, gerora ikastetxeek eta bestelakoek erabili ahal izateko. Udala utzi berri duen Asier Lakuntzak esan digunez, egitasmoaren laugarren fasean daude gaur egun. Fase honetan basoak dituen natur balioak ezagutzera emateko prestatzen ari dira. "Lau biologo kontratatu ditugu bertako zuhaitzak, landaretza, intsektuak eta hegaztiak aztertzeko. Klima kontinentala eta mediterraneoa batzen dira hemen eta bitxikeriaren bat azaldu omen da. Baina lana ez dute oraindik despeditu".

Lakuntzak esan digunez lau biologoak iraila erdialdean despedituko dituzte lanak. "Intsektuak harrapatzeko tranpa mordoa jarri dituzte". Ikerketarekin jasotako informazioa etorriko bisitei eskaintzeko euskarrietan jarriko dute. Lakuntzak web orri bat sortzeko aukera, esku-orriak eta ikus-entzunezko bat aipatu dizkigu. Bitartean, udalak 18.000 euro inguru aurreratu ditu biologoen ikerketa ordaindu ahal izateko. Haren erdia Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza baten bidez  estaliko dute.

Aurretik
Irañetako bargako basoan aisialdi egitasmoa egiteko egitasmoa Basabeko borda berritzearekin hasi zen. Haren lanak iaz despeditu zituzten. Horrekin batera borda inguruan oinezkoendako bi ibilbide prestatu zituzten. Bi fase horien ondoren, udaberri hasieran despeditu zituzten borda ondoan komunak jartzeko lanak. Bordaren iparraldean eraikin txiki bat jaso dute eta, gainera, borda bera hornitu egin dute. Lanek 170.000 euroko inbertsioa eskatu dute eta %65 diru-laguntzen bidez estali du udalak. Lan horiek herri bazkari batekin mustu zituzten garagarzaroaren 2an.

Bi ibilbide
Irañetako bargan oinezkoendako bi ibilbide homologatu prestatu ditu udalak. Aurrenekoa (SL-NA 136), motza, Irañetako bost haritz monumentalak ezagutzeko aukera ematen du. Ibilbideak 3,3 km luze ditu eta 170 metroko desnibela. Hura ibiltzeko ordu bat eta hamar minutu aski dira. Bigarren ibilbidea (PR-NA 136) luzeagoa da eta Irañetako portuarekin bat egiten du. Bargako basoan barna 8,6 km ibilbidea dago prestatuta. Ibilbide horrek 470 metroko desnibela du eta 3 ordu eta 7 minutuan egin daiteke.