Parkea abiaduratik babestuta

Guaixe 2011ko urriaren 13a

Agorrilaz geroztik Irañetako herri gunean sartu nahi diren ibilgailuak mantsoago joan beharra dute. Irañetako Udalak bi zebrabide goratu eta seinaleak jarri ditu elkartearen eta udaletxea zenaren parean. Haurren jolas parkearen alde banatan hain justu. Irañetako alkate PEdro Berazak azaldu digunez, ibilgailuen abiadura moteldu nahi zutelako jarri dira zebrabideak. Haur parkearen inguruan propio jarri dituzte bi zebrabideak, ezer larririk gerta aurretik. Ibilgailuak pasatzen diren abiaduran asko nabaritu dela esan digu alkateak.Berazak berak azaldu digunez,  zebrabideak egin zituen enpresak malda gutxikoak egin zituen eta auto gidariak kexatu egin ziren, azpiak jo egiten zuelako. Egokitu egin dituzte. LanakIrañetako Udalak, bestalde, 11.600 euro bideratu ditu Musetxiko bidea zabaltzeko. Bigarren mailako errepiderako sarreran porlana zabaldu da, eta ezpondak ere egokitu dituzte. Musetxiko bidea errepidetik hilerrira eta handik herrira doa. Bateko eta besteko sarrerak porlanez daude orain, baina etorkizunean guztia konpontzea ez du baztertzen udalak. "Elizarako kalea nahiko estua da eta suteren bat edo gertatzen bada, hor dauden sei etxeetara sartzeko bidea litzateke", esan digu alkateak. Bestetik, dermioko bideak aurten ez dituztela konponduko jakinarazi digu Beraza alkateak. Diru-laguntza onartuta du udalak, "baina kopurua %70etik %55era jaisten bada, alde hori diru asko da Irañetarendako", argudiatu alkateak, eta gogorarazi du beste lan batzuen maileguak ordaindu beharra dagoela. Hala ere, bideak konpontzeko laguntza, heldu den urtean ere baliatu daitekeela esan digu.