Txarlestrup

Guaixe 2012ko mai. 18a, 12:53

Zirika Zirkus taldeak bere azken lana, Txarlestrup, Irañetan estreinatuko du, bihar, larunbatean, 18:00etan. Asmoa antzezlana plazan eskaintzea da, baina eguraldiak uzten ez badu, frontoira lekualdatuko da estreinaldia.

Abenduan 10 urte beteko ditu gurean oso ezaguna den Zirika Zirkus taldeak. Ainhoa Juanizek eta Bolik sortu zuten, Madrilen zirko eskolan ikasten eta antzerki zirko konpainian lan egiten ari zirela. Juanizek Beleixe irratian (FM 107.3) azaldu duenez elkarrekin zerbait sortzea erabaki zuten. "Nik Boliri esan nion gustatuko litzaidakeela gure lehen lana Txantrean estreinatzea, eta euskaraz izatea". Eta hala egin zuten. Boliren pertsonaiak une haietan ez zuen hitz egiten, eta horrela lasai aritu ziren emanaldiak euskaraz egiten. "Azkenean beste emanaldi batzuk sortu ziren eta Bolik euskaraz ikasi behar izan zuen" gaineratu du.

Duela gutxi Irañetara bizitzera etorri zen bikotea. "Mendillorriko pisu batean bizitzean espazio falta genuen eta beti izan nahi dugu herriren batean bizitzea. Ahizpa Etxarri Aranatzen daukat, eta hark gomendatuta Guaixen iragarkia jarri genuen, etxea alokatu nahi genuela adieraziz. Eta horri esker irintar batek deitu eta orain bertan bizi gara. Hara zeinen inportanteak zareten" azaldu du Ainhoak, irribarrez.Txarlestrup antzezlana Irañetan sortu eta prestatu dutenez, bertan estreinatzea erabaki dute eta orain lanari azken ukituak ematen dabiltza, estreinaldia egiteko.

Txarlestrupen txarlestona nagusi
Lau antzezle ditu obrak. Zirika Zirkusekoek diziplina ezberdinak uztartzen dituzte: dantza, akrobaziak, clown antzerki teknika eta musika. Baita honetan ere. Antzezlan berrian musikak protagonismo handia izango du. Txarlestona entzungo da. Bolik teklatua eta klarinetea joko du, eta baita, titarearekin eta garbitzeko taularekin jotzen den instrumentu bat eta kontrabaldea (balde bat, soka eta makila, kontrabaxuaren papera egiten duena). Horretaz gain, klakea entzun eta dantzatuko da. Oso numero polita dago txanoekin eta baita akrobaziekin, klakearekin eta musikarekin.

Zirika Zirkus, ibilbide zabala
Abenduan 10 urte bete zituen taldeak. Ainhoa Juanizek eta Bolik sortu zuten, Madrilen ikasten ari zirela. Eskainitako antzezlanak: Zirika Zirkus, Bazen Behin Zirkoa, Zorionak Zuri. Gero Maribel bildu zen taldera, eta ordutik: Ilargian, Zirika Zirkaos, Kabaret, Pantxika Lamur (helduendako ikuskizuna), Lara Larika (txiki txikiendako, 0-5 urte), Dantzateke (5 pertsona daude, berbena animazio oso dibertigarria) eta larunbatean estreinatuko duten Txarlestrup. Horretaz gain, zirko tailerra eta Pugila ikuskizunak dituzte.