Irañetako Udalak 2009ko otsailaren 18an herri sarreran dagoen San Gregorioko ermita bere izenean jarri zuen. Elizak aurretik San Migel berri eta San Pedro ermitak bere izenean jarri zituen. Horren jakitun, San Juan Bautista parrokia epaitegira jo zuen erabakia baliogabea izateko eskatuz eta parrokiaren jabetza onar zedila eskatuz. Epaiketa iazko lastailaren 24an izan zen. Maiatzaren 29ko ebazpenean epaileak parrokiari eman dio arrazoia, udalak ermita bere izenean jartzean "zuzenbidearen kontra" aritu zela azalduz. Gainera, udalari epaiketa gastuak ordaintzera behartu du.
Irañetako alkate Pedro Berazak azaldu digu epaia abokatuarekin aztertu ondoren erabakiko duela udalak helegitea jarri edo ez. Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformako kide izanik Irañetako Udala ere harekin harremanetan jarriko da.
Artzapezpikutzatik oharra zabaldu dute azalduz epaileak kontuan izan dituela Irañetako parrokiako kontu liburuak. "Epaileak frogatutzat jo du ermitaren jabetza parrokiarena izan dela edo jabe kontzeptuan izan duela. Edukitze hori baketsua, publikoa eta jarraitua izan da". Udalak ermitari eusteko egindako diru-ekarpenak "diru-laguntza gisa" egin dituela dio epaileak.