Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irañetako Udalak Basokoetxea bordako edo Basabeko bordako erabilpena arautzeko ordenantzari behin betiko onespena eman dio. Bordaren erabilera ludikoa da zehaztu dena. Partikularrek aipatu borda erreserbatu ahal izango dute, baina beti ere egun pasarako edo bertan bazkariak egiteko. Ezingo da bordan lo egitera geratu. Borda erreserbatzeko aldez aurretik erreserba egin beharko da. Horretarako arduraduna izendatuko du Udalak, baina informazio horren faltan Irañetako Udalera jo daiteke informazio eske. Bordako giltzak eskuratzeko izen-deiturak eta NANa eman beharko dira, eta jardueragatik ezarritako tarifak ordaindu. Jakina, egonaldia edo jarduera burutu ondoren giltzak itzuli beharko dira. Garbiketari dagokionez, erabiltzaileak beharturik daude borda, komunak eta inguruak garbitzera, hau da, nola aurkitu den, horrelaxe utzi beharko da borda: garbituta, txukundua, itxia eta zabor poltsak eramanak. Debekatuta dago bordara ibilgailuetan iristea, ibilgailu baimenduetan ez bada. Eta, jakina, debekatuta dago su egitea horretarako ez diren tokietan. Aipatu dugunez, egun pasa egiteko erabiliko da borda, ez gaua bertan emateko. Instalazioetan kalterik badaude, konponketaren zenbatekoa gehi %20ko errekargua ordaindu beharko da. TarifakGehienez ere 6 ordu erreserbatu ahal dira; hortik gora %50 igoko dira tarifak. Horrela, 10 lagunetik gorako taldeetan Irañetan erroldatuek 15 euro ordainduko dituzte eta kanpotarrek 30 euro. 25 lagun bitarteko taldeetan herritarrek 25 euro eta kanpotarrek 50 euro; eta 25 lagunetik gorako taldeetan herritarrek 40 euro ordainduko dituzte eta kanpotarrek 80 euro. Borda baino gehiagoIrañetako bargako Basabeko borda edo Basokoetxea 2009an berritu zuen Irañetako Udalak. Udalaren asmoa bordaren erabilera turismora bideratzea zen, borda naturaren behatoki moduan prestatuz, ikastetxeei eta bisitariei begira. Horrela, borda inguruan oinezkoendako bi ibilbide prestatu zituzten. Gainera, bordatik gertu Nafarroako Gobernuak natur monumentu izendatutako bost haritz daude, ibilbideetan ikus daitezkeenak. Horretaz gain, borda ondoan komunak egin zituen eta borda hornitu zuten. Lanek 170.000 euroko inbertsioa izan zuten eta %65 diru-laguntzen bidez estali ziren. 2010ean egin zuten mustutzea, bazkariarekin.Diru-laguntzarik gabe aisialdi proiektua geldirikAurrekoari lotuta eta beste fase batean, Irañetako Udalak Basokoetxea aisialdi proiektua prestatzen jarraitu zuen iaz. Basoak dituen natur balioak ezagutzera emateko lau biologo kontratatu zituzten, bertako zuhaitzak, landaretza, intsektuak eta hegaztiak aztertzeko. Asmoa ikerketarekin lortutako informazioarekin ikusentzunezkoak, panelak, esku-orriak eta beste egitea zen, turismoari begira. Bestetik, bordaren inguruan espaloiak egin nahi ziren eta komunen eta borden artean hormigoia bota. Egitasmoa Cederna-Garalurren FEADER programaren barruan aurkeztu zuen Udalak eta bertatik diru laguntza jaso zuten: 54.342 euroko aurrekontuaren %55a. Kontua da Cedernatik aurretik zehaztutako diru-laguntza horri ezezkoa eman dietela aurten. "Egitasmoa diru-laguntza deialdi berrietan aurkezteko esan digute" adierazi digu Irañetako alkate Pedro Berazak. Horregatik, momentuz bertan behera utziko dute aisialdi proiektua. "Gastu batzuk eginak daude, baina ez dugu proiektuarekin aurrera jarraituko diru-laguntzak jasoko ditugula ziurtatu gabe" gaineratu du. Hortaz, momentuz gelditu da turismorako eta bisitetarako prestatu nahi zen aisialdi plana. Irañetako hilerriaren erabilera araututaIrañetako Udalak hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak eta prezio publikoak arautu ditu, ordenantza bidez. Behin betiko onartu da aipatu ordenantza. Irañetako hilerrian lurpean edo nitxoetan hobiratzeko eskubidea dago. Leku aldetik dagoen eskasia dela eta, Irañetan erroldaturik dauden guztiek izanen dute nitxo batean ehortziak izateko eskubidea, dohain. Kanpotarrek ez dute preferentziarik izango, baina baimena lortuz gero, 600 euroko tasa ordaindu beharko dute. Beti ere, 10 urterako emanen da ehorzketarako nitxoen kontzesioa, lurperatze egunetik hasita. Bestetik, nitxoetan ezin dira errausketetako errautsak sartu. Ordenantza Aldizkari Ofizialean edo udal bulegoetan kontsultatu daiteke.