Txapeldun berria dugu, Marcos Beraza

Guaixe 2012ko abenduaren 13a

Marcos Beraza Vitoriak motorrak beti izan ditu gustuko. 10 urterekin hasi zen motorrekin serio lanean. Urtetik urtera progresioa egin du egun 16 urte dituen Irañetako gazteak eta aurten primerako emaitzak lortu ditu. KTM 125cc-ko motorrarekin Nafarroako Enduro eta Enduro Indoor Txapelketetan lehena izan da junior mailan, eta Espainiako Enduro Txapelketan 7.a izan da, junior mailan. "Azkeneko bi lasterketetarako ikusten nuen Nafarroako txapelketak eskura nituela eta oso pozik nago irabazteagatik" azaldu digu. Bestalde, Nafarroako Cross Country Txapelketan bigarren postuan zegoen duela 3 aste Oibarko azken proba jokatu zuenean, baina Oibarren erori, motorra esku gainera etorri zitzaion eta eskafoidea apurtu zuen. "Erorketagatik erretiratu eta azkenean 5. sailkatu nahiz Cross Countryan. Ordutik lesioaz osatzen nago, baina denboraldiaren balantze positiboa egiten dut" aipatu digu Marcosek. Palmares politaIzan ere, gazte honek lortutakoa handia da, aipatu Nafarroako txapelketak irabazteaz gain, Espainiako Enduro Txapelketan 7. sailkatu baita. 10 lasterketa zituen txapelketak eta guztietan aritu da Marcos. "Huelva, Galizia, Bartzelona, Almeria, Castellon... urruti jokatu dira probak baina guztietan aritu naiz. Junior mailan 25-30 pilotu inguru aritu gara eta 7.a sailkatzea emaitza ona da, dagoen maila handia kontuan hartuta" kontatu digu Marcos Berazak. Zailtasunen gainetik aurreraHurrengo denboraldian ere junior mailan ariko da Marcos. Batetik, Espainiako Enduro Txapelketan aritzea du helburu, eta Nafarroan Cross Countryaren partez Motocross Txapelketan ariko da "enduroa hobeto prestatzeko". Motorra ez du aldatuko, duela gutxi eskuratu baitzuen 125 cc-ko KTMa eta tamaina hartua dio. Txapelketetan aritzeko familiaren eta lagunen laguntza ezinbestekoa du Marcosek. "Guraso eta anai-arrebei esker eta lasterketetara eramaten nauen Julen Uharte Ariztia lagunaren laguntzari esker egiten dut aurrera. Izan ere, ez dago apenas laguntzarik eta babeslerik kirol hauetan aurrera egiteko. Inor ez da animatzen babestera. Baina, beno, ahal dugunera arte jarraituko dugu eta ea nola hasten dugun hurrengo denboraldia" adierazi digu, irribarrez. Nafarroako lasterketak 2013ko martxoan hasiko dira eta Espainiako Enduro Txapelkelta, aldiz, 2013ko otsailaren bukaeran. HiztegiaMotocross: Zolatu gabeko zirkuituetan egiten den lasterketa. Normalean baso edo belardietan prestatutako zirkuituan egiten den lasterketa da, salto handiak, lohi guneak, aldapak eta beste dituen zirkuituan, hain zuzen. Enduro: Motokrossaren eta trialaren arteko nahasketa modukoa da, motokrosaren abiadura trialaren teknikarekin nahasten baita. Normalean probetan hiru eremu prestatzen dira: bata, enduro extreme-a edo gogorra, bestea motocrossaren ibilbide antzekoa eta hirugarrena bien arteko nahasketa. Pilotuek hiru eremuak osatu behar dituzte eta euren lana kronometratu egiten da. Ezarritako denborak bete behar dituzte eta azkarrenak irabaziko du. Enduro Indoor: Motocrossaren antzeko proba baina oztopo edo trabak dituena. Ibilbidean harriak, enborrak eta beste gainditu behar dira. Cross country: Enduro eta motocrossaren arteko nahasketa bat da. Zirkuitu itxi batean egiten da, baina ibilbidea motocrossarena baino luzeagoa da. Iraupen proba da. Zirkuitu itxi bati ahalik eta buelta gehien eman behar zaizkio 2 orduko iraupenean. Buelta gehien egiten dituena da garailea.