Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi lan egiteko ditu Irañetako Udalak. Premiazkoa da bata, abenduan emari handia zuen egun batean ibaiak bazterreko harrizko horma bat kaltetu baitzuen. Eta ondorioz, babeseko baranda erori zen. Kaltea herriaren iparraldeko bidean eragin zuen. Udal arkitektoak kalteak baloratu eta konponketaren balioarekin txostena prestatuko du. Harekin, Irañetako Udalak Nafarroako Gobernuarengana joko du, lanak egin ahal izateko diru-laguntza eskuratzeko. Ebroko Ur Konfederazioarekin ere harremanetan izanen dira. Egitekoen zerrendan Irañetako Udalak duen beste lana ur-biltegia berritzea da, egungoa txikia eta zaharra delako. Nafarroako Gobernuarekin makina bat hartu eman izan zituzten joan den urtean. Pedro Beraza alkateak esan digunez, "gobernuak hitzartuak dituen lanak bukatu arte ez du beste lanik eginen. Zain gaude". Lan horiek eginen ez balira udalean ez dute baztertu dirua mailegua arintzeko bideratzea. Bestalde, ostiralean hondakin bilketa sistema berriaren inguruko hitzaldia izan zen eta irintarrak entzundakoarekin "nahiko konforme" atera zirela jakinarazi digute.