Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ebroko Ur Konfederazioaren eta Landa Garapen Departamentuen ateetan jo eta ezezkoa jaso ondoren, Irañetako Udalean pentsatzen hasiak ziren haien poltsikotik ordaindu beharko zutela premiazko obra: abenduan emari handia zuen egun batean ibaiak bazterreko harrizko horma kaltetu zuen. Zenbait harri mugitu eta hormaren gainontzeko zatia kaltetu zuen, erortzeko zorian utziz. Herriaren iparraldean dagoen bide batean kalteak sortu zituen. Uste horrekin zeudela, Toki Administrazio Departamentuaren diru-laguntza iritsi da: 30.000 euro inguru. Udalak jarriko dituen beste 18.000 bat eurorekin batera, dagoen harri-lubeta beste baten ordez jartzeko aukera izanen du. Irañetako Udalak zenbait murrizketa egin behar izan ditu. Aurtengo festak egun bat gutxiago izanen dute, lau, bezpera kendu ondoren. Horretaz gain, urtero lanak egiteko peoi bat kontratatzen zuen udalak uda partean, baina aurten ez du egin eta egitekoak auzolan bidez ari dira egiten.