Lastailaren 13an Lorenzo Lizasoain Lizaso irintarra (Jorge Luis anaia marista) dohatsu izendatu zuten. Horregatik, esker emate meza izan zen igande eguerdian eta bertan izan zen Francisco Perez Gonzalez artzapezpikua. Elizkizunean aldamenean izan zituen herriko apaiza, Alejandro Lizarraga, eta Jose Migel Lakuntza domingotar irintarra.
Lizarragak irintar bat dohatsu izendatzea “herriarendako gertaera historikoa” dela adierazi zigun eta ekitaldi xume batekin ospatu nahi izan zuten. Horregatik, Lizarragak herriko eliz gizonak gonbidatu zituen, baina bik ezin izan zuten mezan parte hartu. Justo Lakuntza, aita zuria, Madrilen zegoen eta, dohatsuaren iloba den Javier Irurtia Lizasoainek misiotik bidalitako gutuna irakurri zuten haren senideek. Mezaren ondoren otamena izan zen eta artzapezpikua irintarrekin ordu biak pasa arte hizketan egon zen.
Lorenzo Lizasoain Lizaso (Jorge Luis anaia)
Irañetan jaio zen 1886ko irailaren 4an. Jaio eta hurrengo egunean bataiatu zuten Lorenzo. Migel Angel eta Francisca ziren bere gurasoak. Bi alaba eta bost seme izan zituzten. Familia langilea eta ongi kokatua, zintzotasun eta erlijiotsuak zirelako itzala zuten eskualdean. Seme-alabetako lauk erlijio biziari heldu zioten eta haietako bi 36an hil zituzten.
1895ean aita Kubako gerrara eraman zuten eta seme zaharrena, apaiza, Lorenzoren hezkuntzaren arduradun egin zen. 1901eko lastailaren 26an San Andres del Palomar (Bartzelona) nobiziatuan sartu zen. Abitua hurrengo urteko martxoaren 30ean jantzi zuen. Bere aurreneko profesioa 1903ko irailaren 6an izan zen eta betiko profesioa 1908ko agorrilaren 28an. Han zegoela nafarreri epidemia batek jo zuen.
Azpeitian (Gipuzkoa, 1904-1907) sukaldari eta irakasle laguntzaile izan zen. Ondoren Katalunian, Kordoban (urte bakarra) eta Toledon (1930-1936) egon zen. Han zegoela, Grugliascora (Italia) joan zen urte erdirako, trebatze espiritual eta pedagogikoa hobetzeko. Toledora bueltan administratzaile, zuzendari orde, irakasle eta internoen prefektu izan zen.
Gizon sasoitsua, handia, begi kolpean harritu egiten zuena, baina guztiendako bihotz handia zuena. Eukaristiari debozio handia zion. Klasean ikasleek osatutako kontrol eta diziplina sistema antolatu zuen eta emaitza onak ematen zituen.
1936ko agorrilaren 24an fusilatu zuten. Bezperan bere anaiak hil zituzten, baina bera espetxeko sukaldean zerbitzua egiten harrapatu zuen gertaerak. Han zegoela ezagutu zuten eta fusilatzera eraman zuten.