Udalak ur biltegia berritzeko prozedura hasi nahi du

Alfredo Alvaro Igoa 2014ko otsailaren 13a

Urteak dira Irañetako Udala Nafarroako Gobernuaren atean jo eta jo dabilela. Ur biltegia txikia eta zaharra da berritzeko premia du. Lan hori diru-laguntzarik gabe ezin du egin eta horregatik jo du Irañetako Udalak Nafarroako Gobernura finantzazio bila. Aurreko urteetan beste lehentasun batzuk izan ditu foru administrazioak eta lana egin gabe dago.

Irañetako alkate Pedro Berazak esan digunez aurten ere ez da lan hori eginen. “Lan horren proiektua aurten egin nahi genuke, ur biltegia 2015ean berritu ahal izateko”. Hori dela eta, lanen proiektuaren erredakziorako diru-laguntza eskatuko du aurten Irañetako Udalak (10.000 euro).

Aurrekontua
Irañetako Udalak aurten 138.210 euro kudeatuko ditu, aurrekoan baino ia 14.000 euro gutxiago. Pasa den urtean ibaiak kaltetutako harri lubeta bat konpondu behar izan zuten eta, horregatik, hilerriko sarrerako arranpa egin gabe gelditu zen. Aurten eginen du udalak lan hori. Bestalde, udalak aurretik egindako herri lanak ordaindu gabe ditu eta maileguak ordaintzera 30.000 bat euro bideratuko ditu.