Elizak ondasunak bere izenean erregistratzea

Pozik elizaren frankismo garaiko pribilegio batekin bukatu delako

Guaixe 2014ko mai. 8a, 13:55

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak eskatu du legea onartu bezain pronto indarrean sartzeko eta ez urte bat geroago.

Espainiako Ministro Kontseiluak apirilaren 11n Hipoteka Legearen aurreproiektua aurkeztu zuen. Araudi zirriborroan jasotzen den aldaketetako bat 206. artikuluaren aldaketa da. Orain arte artzapezpikuei fedatari publikoen ahalmen berak ematen zitzaien, eliza katolikoa administrazio publikoen pare utziz. Konfesio horretako buruei bere izenean hainbat ondasun jartzeko bidea ematen zien artikulu horrek, baina aurreproiektuaren arabera aukera hori galduko luke elizak, legea onartu eta urtera.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak lege aldaketa ospatu beharreko albistetzat jo du, “arrazoi genuen eta zazpi urteko lanaren ondoren gure aldarrikapenei kasu egin zaie”. Hala adierazi zuten atzo Plataformaren izenean hiru alkatek: Unai Lakok (Agoitz), Kirio Gastearenak (Atarrabia) eta Txiki Iriartek (Irurtzun). Hirurek ere azaldu zutenez, Europan elizak halako abantailak izatea ere ez zuten begi onez ikusten eta PPk “gogo txarrez, atzera egin behar izan du”.

Plataformatik nabarmendu zuten 206. artikulu hori konstituzioaren kontrakoa dela. Legea aldatzean elizaren eskubidea berehala indargabetzeko exijitu zuten, araudiaren zirriborroan urte baten ondoren elizak eskubide hori galtzea aurreikusten baita. Plataformako atzoko prentsaurrekoan gogora ekarri zuten bere kide diren zenbait udal eta kontzejuren borroka auzitegietara heldu zela, “baina legea elizarekin bat egon da beti”. Aldi berean, oraindik plataformarekin bat egin ez duten toki erakundeei batzeko deia egin zieten.

Irañetan kontrako epaia
Elizak aurretik San Migel berri eta San Pedro ermitak bere izenean jarri zituela ikusita, Irañetako Udalak 2009ko otsailaren 18an herri sarreran dagoen San Gregorioko ermita bere izenean jarri zuen. Erabaki hori baliogabetzeko eskatuz eta parrokiaren jabetza onar zezala eskatuz elizak epaitegira jo zuen. 2012ko maiatza akaberan Iruñeko auzitegian elizari eman zioten arrazoia. Orduan artzapezpikutzatik oharra zabaldu zuten azalduz epaileak kontuan izan zituela Irañetako parrokiako kontu liburuak. Udalak helegitea aurkeztu zuen eta apirilean aurretik emandako epaia berretsi du auzitegiak, udala epaiketa gastuak ordaintzera behartuz.

66
Elizak bere izenean jarritako Sakanako ondasunak. Irañetako epaia eta gero 67 dira. Nafarroan 1.088 izan dira.