Zizen eta sendabelarren frontoia

Guaixe 2014ko azaroaren 7a

Igandean, 10:00etatik 14:30era Irañetako frontoian ikusgai izanen dira. Gainera, eguerdian ziza pintxoen dastatzea izanen da.

Bi urtean behingo hitzorduari huts egitekotan egon da kasik aurten Irañetako zizen eta sendabelarren erakusketa. Lastaila lehorretik joan da eta ziza gutxi atera dira. Aste honetako euriak zerbait mugituko zuen esperantzaz, Irañetako Euskara Kultur Taldeak erakusketari eustea erabaki du. Igande goizean eta eguerdian, beraz, herriko frontoian zizak eta sendabelarrak ikusteko aukera izanen da. Gainera, haiek dastatzeko aukera ere izanen dute hara bertaratzen direnek.

Irañetako Euskara Kultur Taldetik dei egin diete erakusketaren antolaketan parte hartu nahi duten guztiei. Bihar 9:00etan Txapel Azpi elkartean biltzeko deia egin dute. Handik zizak jasotzera joanen dira. Haiek hartu ondoren, 17:0etan, udaletxean sailkatu eginen dituzte. Laguntza guztia ongi etorria izanen da.