Atxun Zarkoarekin hitzordua

Guaixe 2015eko otsailaren 6a

Irirtarrek bihar ospatuko dute inauteria. Ohi dutenez, Txapel Azpi elkartean ardi tripotxak gosalduko dituzte 10:00ak aldera. Eta ondoren, inauteri irintarreko pertsonaia den Atxun Zarkoa prestatu eta mozorroa jantziko dute (bizkarrean zintak dituen jantzi txuria, gerriko gorria eta zintadun txanoa). Mozorrotuak musikaz lagunduta herrian barna kalejiran ibiliko dira. Segizioak, hori bai, ezkongai dauden emakumeen etxeetan geldialdiak eginen ditu, zinta batez lotutako ezpel adartxoz osatutako paxoak uzteko.

Ardikia bazkaldu ondoren, 18:00ak aldera, argia joaten ari denean, kalejiran abiatuko dira mozorrotuak elkartetik. Eta haiekin batera gurdi batean doan Atxun Zarkoa. Trikitilariak festa doinuak joko dituzte. Kalejira hasitako tokian despedituko da eta ohikoa denez, Atxun Zarkoak sutan bukatuko du. Afariak ihote ospakizuna luzatzeko oinarria jarriko du Irañetan.