Irañeta, bertsolaritzaren baratza

Guaixe 2015ko uzt. 29a, 19:44

Pasa den asteazkenean despeditu ziren Irañetako bertso-udalekuak. Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak antolatutako jarduerak 12 eta 14 urte bitarteko 36 gazte elkartu zituen Juantziren aterpetxean. Hilaren 13tik han egon ziren gazteek mendi ibilaldi, Uharteko igerilekuetan eta Urruntzure errekan bainua, joko eta jolasak, antzerkia eta beste izan zituzten.

Ezin falta bertsolaritzarekin, ahozkotasunarekin eta hezkidetzarekin uztartutako jarduerak. Hala, hilaren 16an, Nerea Ibarzabal eta Eneko Lazkoz bertsolarien bisita jaso zuten. Asto gainean iritsi ziren bertso-afarira. Gaztetxoak gaiak jartzera eta bertsotan aritzera animatu ziren. Udalekuan Oskar Estangaren bisita ere hartu zuten. Harekin kantagintza landu zuten. Eurek osatutako doinuek bertso-udaleku guztietakoekin batera diskoan jasoko dituzte.