Hazitarako patata irintarrak

Guaixe 2015ko urr. 30a, 08:40
Joseba eta Jose Ignacio Ollo Astiz.

Opposaren bidez azken bi urteetan emaitza onak eman dituzten probak egin dira eta Nafarroako Gobernuak Irañeta ekoizpen gune izendatu du, eta Sakana horretarako eskualde irekia.

Edozeinek ezin du hazitarako den patata ekoiztu. Nafarroan hazitarako patata ekoizteaz Opposa entitatea arduratzen da. Nafarroako Gobernuak hazitarako patata kontrolatu, ziurtatu eta haren ekoizpena 2006an arautu zuen. Foru Aginduak Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeak eta herriak jaso zituen eta han daude Pirinio aldea, Kodes aldea eta Izarbeibar aldea. Lastailaren 9az geroztik Irañetan ere landatu daitezke hazitarako patatak. Gainera, helburu horretarako Sakana “eremu irekia” izendatu da.

Opposak eskatu zuen Irañetan hazitako patatak ereiteko baimena izatea. Entitateko kudeatzaileak esan digunez, “Nafarroako eremu berrietan bestelako laborantzak proposatzea bereziki interesgarria da, eskualde horietan nekazaritzaren, ekonomiaren eta gizartearen garapen egokia lortzeko”. Joan den urtean eta aurten Irañeta inguruan hazitako patata ekoizteko inguru egokia dela ebaluatu eta emaitza onak jaso zituen Opposak. Horrek “lasaitua” ekarri die, izan ere Kodes eta Pirinio aldean kisteko nematodoak agertu dira, eta, horren ondorioz, hazitarako patata ekoizteko lurzatiak mugatu dituzte eta, ondorioz, ekoizpena jaitsi baita.

Irañetako esperientzia
Zaldi- eta ardi-aziendarekin lan egiten dute Murgindueta Ganadera SCAn ollotarrek, Jose Ollo Azkona aitak eta Joseba eta Juan Ignazio Ollo Astiz anaiek. Soro berean beti gauza bera ereiteak lurra pobretu egiten du eta urtetik urtera aldatzeak eta txandakatzeak lurrari on egiten dio. Horren jakitun, ollotarrek patataren alde egin dute. “Urte askotan artoa eta neguko belarra erein dugu. Txandakatze gehiago egitea beharrezkoa da”. Sakanan beti eman duela badakitelako eta “patata egon den lurrak hurrengo urtean uzta ona ematen duelako”, patataren alde egin dute.

Opposaren jardueraren berri aspaldi zuten Murginduetan eta pausoa ematea erabaki zuten. Entitateak ere Sakanarekiko interesa zuen, “ibarra, lur suabeagatik, patatarako ona delako”. Patata edozein lurretan hartzen du, baina harea itxura duen lurrak hobeak dira, urak behera lehenago egiten duelako. “Hemen patatak ematen du”, aipatu digute, azken bi uztak gogoan.

Hitzarmena
Lurraren laginak laborategian ikertu zuten lehenik. Egokitasuna aztertu eta aurrera egin zuten. Opposarena jarduera “kontrolatua” da, “soro handiak nahiago dituzte”. Egokia zela ikusita, Opposarekin hitzarmena egin zuten: sakandarrek soroa utzi zieten hazitarako patata erein zezaten. “Haiek patatan adituak dira”.

Ollotarrek lurra prestatu zieten eta Opposako langileek maiatzeko hirugarren astean erein zuten pataten erdia. “Euria egin zuen eta beste erdia geroago egin zuten”. Bi sorotan 9 hektarea guztira. Horretarako beharrezko makineria ekarri zuen entitateak. Murginduetarrek landare-osasunerako produktuak jaso eta haiek zabaltzeaz arduratu dira. Opposakoak ikuskatuta, jakina. Izan ere, hazitarako patata denez, txikia izan behar du eta gehiago ez hazteko produktu bat ematen diote landareari, “hura lehortu eta patata ongi egina gelditzeko”. Duela hilabete inguru eman zuten tratamendu hori. Euren egitekoak duten makineriarekin egin dituzte.

Opposakoak pasa den astean iritsi ziren Maliko 17 laguneko koadrilarekin eta lau egunetan jaso zuten uzta. Makinak patatak azalerazi eta langileek bildu zituzten. Lana larunbatean despeditu zuten Irañetan. Dagoeneko uzta Opposaren Noaingo biltegian dago. Hazitarako patatak direnez tamaina txikikoak dira jaso direnak. Handiak sortu badira horiek kontsumorako bereizten ditu Opposak. Bi patata mota izan dira Irañetan jaso dituztenak. Erein zituztenean mota bakoitza alde batean erein zuten eta zeinek bere identifikazio kartela zuen soroan. Gertu beste patata batzuk ez egotea ere ona dela azaldu digute.

Kontsumorako patata ereiteaz galdetuta, makineriaz aparte hotz kamerak eta beste izatea eskatzen duela azaldu digute. “Ekoizpen hori, nik uste enpresa eta komertzialen esku dagoela” esan digu aitak, argituz, “egun salgai dagoen patata gehiena Frantziatik” heldu dela.

Euren esperientziara bueltatuz, pasa den urtean 4 hektarea pasako soroa landu zuten Satrustegi aldean. Bi urtetan uzta onak izan da, “euria egin duelako”. Heldu den urtean segitzea espero dute: “lurra hobetzearekin batera, gastuak estali eta pixka bat gehiago ateratzen dugu”.