Santa Ageda koruak atzo Irañetan barna ibili ondoren, inauteri segizioaren txanda izanen da bihar. Hala ere, segizioko protagonista den Atxun Zarkoa prestatzeko txapel Azpi elkartean gaur, 18:30ean, dute hitzordua. Inauteri ospakizunak, bihar, hamaiketakoarekin hasiko dute. Ohiko ardi tripotxak gosaldu ondoren mozorrotuak herrian barna kalejiran ibiliko dira. Goitik behera txuriz jantzita joanen dira, bizkarrean koloretako zintak dituztela, gerriko gorriz eta zintadun txanoz.
Musikaz lagundutako segizioak ezkongai dauden emakumeen etxeetan geldialdiak eginen ditu, haietan zinta batez lotutako ezpel adartxoz osatutako paxoak utziko dituzte. Kalejira elkarteko mahaian despedituko da, bazkal garaian. 40 bat irintar eseriko dira mahaiaren bueltan. Ardikia bazkaldu ondoren, 18:00ak aldera, mozorrotuak, atzera ere, kalera aterako dira. Oraingoan, Atxun Zarkoa lagun dutela herrian barnako kalejira eginen dute, trikitilariak lagunduta. Ibilbidea elkartearen parean despedituko da eta Atxun Zarkoak han bere azkena ezagutuko du, sua. Ihote afariarekin irintarrek ospakizuna ordu txikiak arte luzatuko dute.