Gutxirako aurrekontua

Guaixe 2016ko ots. 19a, 09:09

Irañetako Udalak 168.468 euroko aurrekontua du aurten. Juan Angel Beraza Gastesi alkateak esan digunez, udala ekonomikoki larri dago, zorpetze tasa altua du eta ezer gutxi egiteko aukera du. Aurrekontuaren zati bat maileguak ordaintzera bideratuko da. Udaberri hasiera aldera irintarrei kontuak batzarrean aurkeztea nahiko luke. Udalak aurten aurreikusten duen inbertsio handiena bargan, iturburuen inguruan, eginen duten itxitura da. “30 urte ukitu gabe egon da eta eginbeharra dago, bestela azienda sartzen da eta”.  Inbertsio horri aurre egiteko udalak pinu lote bat saltzeko asmoa du eta salmentatik derrigorrean baso lanetara bideratu beharreko %20a itxiturarako izanen da.

Nafarroako Gobernuak Irañetako ur biltegia berritzeko premia aspaldi ikusia du. Baina dirurik ez duenez, irintarrak lan hori egiteko zain daude. Nilsa enpresa publikoak, bestalde, joan den urtean gaizki zegoen hobi septikoa araztegiagatik ordezkatu zuen. “Kontu txikiak falta dira, baina martxan dago” azaldu digu alkateak.

Auzolana
Udalak dirurik ez badu ere, Irañetan egin beharrak badaude. Horietako batzuk egiteko bidea auzolana da. Urtean familiako lau auzolan egiten dituzte; zazpi edo zortzi auzolan urte guztian. “5-7 pertsona elkartzen gara aldiko. Batzuk deialdi guztietara joaten dira. Garbiketak, konponketak eta bestelakoak egiten ditugu”. Batzuk auzolana egin beharrean dagokiena ordaintzen dute. Alkateak, ordea, auzolana egitearen beharra nabarmendu du, egin beharrekoak horrela egiten direlako. Horregatik, alkateak esan digu jendeak auzolanen garrantziaz mentalizatu beharko lukeela.