Marcos Beraza, jaioterrian profeta

Guaixe 2016ko eka. 21a, 12:49

IV. Irañeta Enduro probako txapelduna izan zen senior mailan

Ziki Team Moto Club taldeak antolatuta, igandean IV. Irañeta Enduro lasterketa jokatu zen senior, junior eta beteranoen mailan. Proba Nafarroako Enduro Txapelketarako eta Vasconavarro Txapelketarako baliagarria zen. Enduroa motokrossaren eta trialaren nahasketa da: motokrossaren abiadura eta trialaren teknika nahasten ditu.

Pilotu ugari lehiatu ziren, tartean sakandarrak, giro bikainean. Marcos Beraza pilotu irintarra bere jaioterrian profeta izan zen, senior mailan lehena sailkatu baitzen, scrachean lehena. Horri esker, Nafarroako txapelketan buruan jarri da eta Vasconavarro txapelketan scracha lortu du. Pozik zegoen irintarra, eta proba jarraitzera hurbildu ziren zale guztiei eta lasterketan aritu ziren pilotuei eskerrak eman nahi izan zizkien.

Txapelketari dagokionez, seniorretan Marcos Berazak irabazi zuen (22:54), beteranoetan Egoitz Peñagarikanok (25:31) eta juniorretan Unai Beristainek (26:11). Trofeoen mailan, seniorretan Andoni Erauzkin (26:20) eta juniorretan Unai Beristain (26:11).