Nagore Botanz, boluntarioa Melillan

Guaixe 2010ko ira. 24a, 12:17

Eneida Carreñoren eta Maider Beteluren elkarrizketa.

Irañetako Nagore Botanzek uztaileko 20 egun Melillan eman zituen, bertako auzo pobreetako haurrei aisialdia eskaintzeko mojen proiektu batean murgilduta. 20 urte dituen gazteak arreta soziosanitarioa ikasi zuen, ondoren egokitze-kurtsoa egin zuen eta egun gizarte-integrazio ikasketetan murgilduta dabil. Bigarren ikasturtea geratzen zaio, baina argi du gizarte proiektuetan kolaboratzen jarraitzeko asmoa duela. Berarekin Melillako egunak izan genituen hizpide Beleixe irratian.

Nola sortu zitzaizun Melillako auzo pobreenetako haurrei aisialdia eskaintzeko proiektuan parte hartzeko aukera?
Arreta soziosanitarioa Maria Inmaculadan ikasi nuen, Iruñeko zezen plazaren ondoan dagoen mojen kongregazio batean. Erlazio asko egin nuen haiekin eta Melillako proiektua haiek aspaldi duten proiektu bat da. Mojek urtero 30 lagun bidaltzen dituzte Melillara eta aurten proiektuarekin bat egitea erabaki nuen. Uztailaren 1etik 20ra egon ginen bertan.

Eta zein zen zuen lana?
Nire kasuan haurrekin egon naiz lanean. Monte Maria Cristina izeneko egoitzan geunden, mojen kongregazioak han daukan etxea. Haur horiek Melillako auzune pobreenean bizi ziren, mendia deritzon tokian, eta aisialdia, oporrak eskaintzen genizkien. Goizeko 10:00etan etortzen ziren eta arratsaldeko seietan joaten ziren. 6-8 urte artekoak ziren gehienak, nahiz eta 10-12 urte arteko haur gutxi batzuk ere etorri.

Eta zer egiten zenuen eurekin?
Goizean etortzen zirenean gosaria ematen genien, gehienek ez baitute gosaltzeko ere. Gero etxeko lan batzuk jartzen genizkien, beraiek zuten mailaren arabera, oso maila akademiko txikia baitzuten. Eta gero hondartzara joaten ginen edo etxean geratzen ginen jokoak egiten. Segidan, bazkaldu egiten genuen eta gero guk “manguerazo” deritzoguna egiten genuen: haurrak dutxatu, finean. Izan ere, gehienek etxean ez dute dutxarik, eta neskak alde batetik eta mutilak bestetik, xaboia eman eta mangerarekin dutxatzen genituen. Izugarri gustatzen zitzaien, eta gainera, Melillan egiten duen beroarekin gustura ibiltzen ziren. Haur gehienak oso pobreak ziren, batzuk gainera ez zuten gurasorik, bizimodua oso ezberdina zen. Zorriz beteta zeuden asko, eta zorriak kentzen genizkien, dutxatu eta neskak orraztu egiten genituen. Asko gustatzen zitzaien.

Bazkariak bereziak al ziren?
Ez, hemengoen antzekoak, baina ez genuen txerririk jartzen, asko musulmanak zirelako. Beraiek batzuetan opari moduan torta batzuk ekartzen zizkiguten.

Eta arratsaldean zer egiten zenuten?
Jokoak, eta azken orduan guk prestatutako eskulanen bat.

Haurrak urrutitik etortzen al ziren zuengana?
Batzuk 5 minutura zeuden, auzune pobrea bertan dagoelako, baina beste batzuk Melilla zaharra deritzanetik etortzen ziren, eta hiru ordu laurden kostatzen zitzaien, erraz. Haur asko bakarrik iristen ziren, eta gutxi batzuk, amekin.

Melillara iristean zein izan zen lehendabiziko inpresioa?
Zaborra pilo bat zegoela kaleetan. Zakarrontziak beteta, zaborra, lurretik, usain asko… Jendearen janzkerak ez ninduen hainbeste harritu, hemen ere ikusten baitira marokoarren jantziak eta beste. Aldiz, mojen etxea izugarri gustatu zitzaidan.

Nolakoa da Melillako gizartea orokorrean? Ze aldea dago gure lurraldearekin?
Lau erlijio ezberdin daude elkarrekin bizi direnak, eta asko harritu ninduen benetan elkar bizi zirela ikusteak, ez zeudela bakoitza bere aldetik. Elkar ezagutzen dute, ez dute aparteko arazorik euren artean –une batzuetan bai, noski- baina erlijioaren aldetik errespetu handia dago.

Turismoa egiteko tartea atera zenuten?
Keba! Haurrak etorri ez ziren igande batean Marokora joan ginen. Baina hori izan zen bidaia bakarra. Zortzi ordu egin behar genituen lan, gero hurrengo egunekoa prestatu eta jarraipena egiteko bilerak genituen, otoitz egiteko tartea egunero….

6-8 urte bitarteko neska-mutilei etxeko lanak jartzen zenizkieten. Zein alfabetatze maila dute?
Oso baxua, baina gehienbat matematiketan nabaritzen zaie maila baxu hori. Badira haur batzuk urtean zehar mojen etxera joaten direnak eta haiek irakasten diete; haiek gutxi gorabehera ondo irakurri eta idazten zuten. Baina badira beste batzuk euren gurasoak Marokon lan egiten dutenak, eta barnetegi batean daudenak, barruko-ikasle. Haiek ez zekiten deus ere. Hitz egiten bai, baina idazten gehienek ez.

Hizkuntzarekin arazorik al dute?
Ez, gurera etortzen zirenak gaztelaniaz aritzen ziren, baina haietako askok ere marokieraz zekiten. Gurekin, hala ere, ez zuten marokieraz hitz egiten. Gainera Melillan espainiar izatearen sekulako sentimendua dute, harritzeko modukoa! Mohammed, Hannah, Lupna… izenak zituzten gehienek eta espainiarrak sentitzen dira. Baina esaten ziguten Espainiak ez dituela Melillakoak zaintzen. Ez dute Espainiaren babes hori sentitzen eta horregatik daukate espainiar sentimendu hori: ez dugu babesa, baina gu espainolak gara. Borroka egiten dute babes hori lortu nahian. Gainera futbol mundiala han tokatu zitzaigun, eta Melillan izugarri bizi izan zuten. Shakiraren dantza pilo bat dantzatu genuen, hango haurrek ere badakite.

Anekdota bitxiren bat…
Haur gehienek erredurak zituzten edo markaren bat. Galdetzen zenien eta erantzuten zuten: bai, nire aitak! Edo dena delakoa. Gehienek kolpe pilo bat zuten. Bizia kalean egiten dute, baina kolpe gehienak etxean eginak ziren. Barnetegian ikasten zeudenak ziren markatuenak. Kontatzen ziguten ez genukeela barnetegian agoantatuko, sekulako kolpeak ematen zizkietela. Suposatzen da gauza horiek aztertzen direla, baina nire iritziz alde horretatik sekulako deskontrola zegoen.

Orduan, zapore tristearekin ere etorri zara…
Gauza tristeak dira, baina esperientzia ona izan da. 20 egun horiek niretzat zer suposatu izan duten oraindik asimilatzen ari naiz.

Zer ikasten du batek 20 egun auzo pobre bateko umeekin lanean egon eta gero?
Oso aberatsak direla. Nahiz eta dirurik ez izan guztia eskaintzen dizute. Minarengatik negarrik egiten ez duten haurrak dira, eta sufrimenduarengatik, aldiz, bai. Haur bat lurrera erori eta odoletan egon baina negarrik ez. Eta gu joaten ginen eta negar egiten zuten. Oso polita da.

Melillara bueltatzeko aukerarik bai?
Gustatuko litzaidake haur horiek berriro ikustea, baina nazioarteko boluntariotzan aritzea ere gustatuko litzaidake, eta horretarako akaso hurrengo urtea da onena, ikasketak bukatzen ditudalako.

Beti izan al duzu laguntzearen sentimendu hori?
Laguntzearena bai, baina ez nituen proiektuak ezagutzen, eta moja hauekin hasi arte ez naiz ibili. Baina eurekin hasi nintzen kolaboratzen. Duela 2 urte Murtzian egon nintzen, etorkinekin, iaz Cascanteko beste kanpamendu batean egon nintzen, aurten Melillan… eta orain Peruk deitzen nau izugarri.

Hango proiekturen batean parte hartzeko aukera izango al zenuke? Mojen kongregazioaren bidez, esaterako?
Bai. Bestalde, Melillara lan talde handia joan ginen, 30 lagun, eta mojak izan ezik ez nituen ezagutzen. Jendea ezagutu dut eta hori oso aberasgarria da.